Urtebete bete du Irun Factoryk
Duela urtebete sortu zuten, 2013ko otsailaren 22an zehazki, Irun Factory, kultur ekimenen bitartez ekonomia suspertzeko egitasmoa. Loidi Bizkarrondo kaleko egoitzan zentralizatu dituzte ekimenak, baina saiatu dira horiek hiri osora zabaltzen hainbat jardueraren bitartez. Hala, egoitza horretan egindako lana —kultur ikerketa, erakusketak, tailerrak—, hiriko eragileekin partekatzen saiatu dira, komertzianteekin esaterako, ekonomia indartzeko modu gisa bai sortzaileei begira, bai hiriko eragileei begira.
Horren harira, urtebete beteko duenean, hainbat ekimen egingo dituzte hirian ostiralean (hilak 21). Hala, Irun Factoryren egoitzan eta 18:30ean, Kunsthal Arte Plastikoen Zentroko ikasleek Errare Humanum Est tailerrean lortutako emaitzen berri emango dute. 19:45ean, berriz, laburmetrai-dokumentala aurkeztuko dute Demetrio Elorzek eta Guadalupe Films ekoiztetxeak, egitasmoaren urtebetea laburtzen duena. Azkenik, Sky Beats taldeak kontzertua emango du. Horietarako sarrera doan da.
Gaur egin dute ekimen horien aurkezpena Belen Sierra udaleko Kultura ordezkariak, Helga Massetani Artitadetó kolektiboko kideak eta Gaizka Zuazo Kunsthal-eko kideak.