Realak Bartzelonaren kontra jokatuko du larunbatean Anoetan, 20:00etatik aurrera, eta zaleek erosten duten sarrera bakoitzeko euro bana jaso eta dirua Trintxerpeko sutean kaltetutako familiei emango dietela jakinarazi du klubak. Modu honetan kaltetutakoei elkartasuna adierazi nahi die talde zuri urdinak. Zelaira hurbilduko den ikusle kopurua zehazteke, laguntza 28.000 eurokoa izan daitekeela aurreikusi dute.
Bestetik, kaltetuak laguntzeko plataformak bi dei zabaldu ditu. Batetik asteburu honetan Trintxerpen izango den bi eguneko kontzertuan jarriko duten tabernan lan egiteko boluntarioak behar dituztela, eta bestetik, Zirizan bildu dituzten altzariak etxe berrietara eramateko furgonetak dituzten lagunen bila dabiltzala. Laguntzerik dutenek plataformarekin jar daitezke harremanetan,
info@sospasaiatrintxerpe.com helbidearen bidez edo Twitter-en, @SOStrintxerpe-n.