Kaleen Batzordea bildu da gaur Irunen. Bertan, alderdi guztiek aho batez, lau kaleri izena aldatzea erabaki dute, frankismoarekin lotuta zeuden lau kale izen kendu, eta beste lau ezarri dituzte. Aurreko astean hasi ziren biltzen udal ordezkariak izen aldaketei ekiteko, baina hala ere, hilabeteak daramate hainbat alderdik aldaketa horiek eskatzen. Gobernu taldeak ohar bidez esan du EUDELek jarritako irizpideen araberakoa izan dela kale izen horien aldaketa, eta hori egiteko “akordioaren bidea” bilatu dutela, “gatazkak alde batera utziz”.
Izenen aldaketa behin betikoa izan aurretik, lehenik Informazio Batzordetik pasatu behar du gaiak, eta horrek udalbatzarrera eramateko beharrezkoa den diktamina egingo du. Alderdi guztiak aldaketekin ados daudenez, plenoak onartuko ditu aldaketok. Ondokoak dira onartu dituzten aldaketak:
- Maritxu Anatol izena izango du orain arte General Bergaretxe kalea zena. Anatol Aduanan lan egin zuen lehenetariko emakumea izan zen, baita Comete Sareko kide ere.
- Nicolas Gerendiain izena izango du aurrerantzean lehen Ortiz de Zarate zen kaleak; horrela, 1936ko Gerraren aurretik zuen izena berreskuratuko du kale horrek. Nicolas Gerendiain hiriak eduki zuen lehenengo alkate errepublikarra izan zen (1890-1893). Haren semea, Nicolas Gerendiain izenekoa ere, indar frankistek hil egin zuten 1937an, fusilatuta.
- Poxpologileak izena jarriko diote General Bergaretxe kaleari. Euren eskubideen aldeko lan handia egin zuten Irungo poxpologile emakumeek.
- Martxoaren 8a izena izango du Embajador Manuel Aznar kaleak. Emakumearen Eguna da martxoaren 8a.