Ikastetxe berria eraikitzeko proiektua aurreratzea eskaini dio udalak Hezkuntza Sailari
2014ko udal aurrekontuaren berri emateko gobernuko zinegotziak egiten ari diren agerraldien barruan, Hezkuntza departamentuko kontuen aurkezpena egin zuen Txomin Sagarzazu arloko arduradunak joan den ostiralean. 681.397 eurokoa da hezkuntzako aurrekontua, iazkoa baino %2,26 gehiago. Muliaten eskola berria egiteko proiekturako 70.000 euro prest ditu udalak.
2014ko udal aurrekontuaren berri emateko gobernuko zinegotziak egiten ari diren agerraldien barruan, Hezkuntza departamentuko kontuen aurkezpena egin zuen Txomin Sagarzazu arloko arduradunak joan den ostiralean. 681.397 eurokoa da hezkuntzako aurrekontua, iazkoa baino %2,26 gehiago.
Sagarzazuk azaldu zuenez, diru horrekin ikastetxeak zaindu, udal programen eskaintza sendotu eta Ordezkatze Organo Gorenean parte hartu egiten du udalak eta hiru zeregin horietatik lehenak, ikastetxeen mantenuak eramaten du aurrekontuaren zati handiena, 622.540 euro: 500.000 Talaiarako, 88.000 Loraitzerako eta beste 32.000 Soroetarako.
Ikastetxe publikoetan aurten egingo diren lanen artean, konponketak egingo dituzte Bordariko pilotalekuan. Horrez gain, Biteriko gimnasio eta Bordariko patioa ere berritu nahi dituzte, baina horretarako dirua oraindik ez dago aurrekontuan, eta kreditu aldaketa egiten den arte ezingo dute erabili.
Kreditu aldaketaren ondoren ia 200.000 euro gehiago baliatuko dituztela uste du zinegotziak eta, aipatutako bi obra horiekin batera, Muliaten eskola berria egiteko proiektua diseinatzeko 70.000 euro gordeko lituzkete. Berez, Eusko Jaurlaritzaren eskumena da hezkuntza zentroak eraikitzeko proiektuak egitea, baina Hondarribiko Udala prest agertu da lan hori aurreratzeko: “Hezkuntza Sailak onartuko balu, udalak proiektua aurreratuko luke”, adierazi zuen Sagarzazuk.
Duela bi aste bilera egin zuten Gasteizen eta Cristina Uriarte sailburuari Muliateko ikastetxerako egitasmoa erredaktatzeko borondatea azaldu zioten. Zinegotziaren arabera, Hondarribiak baino premia gehiago duten herriak izango dira, “baina guk lurra eta egitasmoa prestatzeko borondatea eta dirua jarri ditugu mahai gainean”.