Aulki mugikorreko Hondarribiko zortzikoak bigarren postua lortu zuen igandean Nerbio ibaian, Deustuko estropada eremuan (Bilbo) egin zen distantzia luzeko Euskadiko Txapelketan, Nagusien Mailan. Orioren atzetik eta Santiagotarrak taldeaen aurretik sartu zen Hondarribia Arraun Elkarteko (HAE) zortzikoa lemazainarekin. Urtarrilaren 28an egitekoa zen txapelketa baina denboraleagatik atzeratu zuten eta aurreko igandera arte ezin izan dute egin. Hiru mailatan egin zen txapelketa, kadete, gazte eta helduetan, gizonetan zein nesketan. Txapelketatzat onartua izateko, gutxienez hiru ontzi beharrezkoak dira proba bakoitzean eta hortaz, beste hainbat proba egin ziren arren (Open estropada gisa), txapelketarako baliagarriak bakarrik honakoak izan ziren: gizonen 4-,4x eta 8+ eta emakumeen 2x, 4x eta 8+.
Hondarribiarrek garaipen bakarra lortu zuten txapelketan, kadeteen zortzikoan. Helduetan bezala, Gazte Mailako mutilen zortzikoan ere HAEren ordezkariak bigarren postuan bukatu zuten Euskadiko Txapelketa. Hirugarren tokian, aldiz, neska helduen bikoa, mutil kadeteen bigarren ontzia eta neska kadeteen laukoa geratu ziren.
Hondarribiarrak Euskadiko Txapelketan
Helduen Maila
- 8+ mutilak: Orio, Hondarribia, Santiagotarrak.
- 2x neskak: Santiagotarrak, Getxo, Hondarribia.
Gazteen Maila
- 8+ mutilak: Orio, Hondarribia, Ur Kirolak.
- 2x nesnak: Arkote, Hondarribia. (*)
Kadeteen Maila
- 8x mutilak: Hondarribia 1, Getxo Arraun, Hondarribia 2.
- 4x neskak: Itsasoko Ama, Orio, Hondarribia.
- 1x neskak: Hondarribia. (*)
Beteranoen Maila
- 1x neskak: Hondarribia. (*)
(*) Txapelketatik kanpo