Aparkalekuak bertakoentzat gordetzea aztertzen ari da udala
Ez da erraza Antxon aparkatzea. Udalerrian TAOrik ez dagoenez, ez dira gutxi, bertan bizi ez diren arren, han autoa utzi eta ondoren lantokietaraino garraio publikoan abiatzen diren lagunek. Horrek zaildu egiten du berez korapilatsua izan ohi den aparkalekuen eskasiaren afera. Arazoa arindu nahian hainbat neurri aztertzen ari direla jakinarazi du Udal Gobernu Taldeak. Hala nola, bertakoentzat gordetzea herriguneko eta lurgaineko aparkaleku gehienak. Luzuriagako kanpa bertakoek eta bisitariek konpartitzea da asmoa, eta Luzuriagako sarrera eta irteerak errazteko Gelasio Aranburu kaleko trafikoa bi norabideetan jarriko lukete. Era berean, Hamarretxeta kaleko aparkalekuak egunez txandakako aparkaleku bihurtuko lituzkete, eta zamalanetarako gaur egun dauden plazak bere horretan mantendu. Horrez gain, motorrentzako aparkalekuak jartzeko aukera aztertzen ari da.
Mugikortasun Sailak landu duen proposamena aurkezteari ekingo dio orain Udalak. Esan dutenez datozen asteetan aurkeztuko diete gainontzeko udal taldeei eta herritarrei, proposamenak eta iritziak jasotzeko.