Antzerkia, musika eta eskertzak izango dira larunbatean Kasino Zaharraren XXV. urteurren festan
Kasino Zaharra Adinekoen Etxeak 25 urte betetzen ditu aurten eta urteurren festa egingo dute larunbat honetan, hilak 22, arratsaldez. Antzerkia, musika, bideo bat eta, batez ere, giro bikaina izango dira protagonista.
Arratsaldeko seietan hasiko da ekitaldia, Kasino Zaharreko antzerki taldearen Instantes antzezpenarekin; bizitzaren zentzuaz pentsarazteko xedea du obrak. Jarraian, komedia txiki bat interpretatuko du taldeak, euskaraz. Marian Losadak zuzenduko du antzezle taldea.
Antzerkiaren ostean atsedena izango dute eta, 25 urtetan Kasino Zaharraren eguneroko lanetan lagundu dutenei eskertza egiteko probestuko dute. Markos Sodupek prestaturiko bideo bat proiektatuko dute ere, Kasino Zaharraren bi hamarkada eta erdiko bilakaera laburbiltzen duena.
Festa bukatzeko, Kasino Zaharreko abesbatzaren emanaldia izango da, Juncal Gaskonen zuzendaritzapean. Besteak beste, Martin Iturbek eta Kerman Perezek espreski egindako ereserkia abestuko du abesbatzak. Perezek musika eta Iturbek letra jarri diote Kasino Zaharraren ereserkia izango den abestiari.
Larunbateko festara joateko txartelak bazkideen artean banatzen ari dira. Atzo hasi ziren banaketa egiten bulegoetan eta bihar (asteazkena) eta ostiralean banatzen jaraituko dute, 10:30etik 12:00etara.