
Andoainen izan diren ikasletako batzuk
Hondarribiko Musika Eskolako 11 ikaslek parte hartu zuten asteburuan Bastero kulturgunean egin zen Andoaingo IX. Piano Jaialdian eta domina kopuru hori bera lortu zuten, 11, sei urrezko eta zilarrezko bost. Esther Barandiaran, Maite Elizondo, Oier Etxaburu eta Miren Erostarbe irakasleen ikasleak dira Basteron aritu zirenak eta bi mailetan hartu zuten parte: A mailan (11 urte bitarte) Enara Rodriguez, Ander Kerejeta, Maider Iguiñiz, Lucia Mariscal, Maialen Amunarriz eta Uxue Jauregi izan dira eta B mailan (14 urte bitarte) Helene Guevara, Maria Alonso, Aiala Ostolaza, Maria Perez eta Maiane Murua.
Orotara, 900 interprete gaztek hartu zuten parte Andoaingo Piano Jaialdian. 31 kontzertu izan ziren eta 317 pieza interpretatu dira, klasikoak nahiz modernoak. Parte hartu zuten ikasle gehienak gipuzkoarrak izan ziren (835), eta ondoren bizkaitarrak (35), nafarrak (6) eta arabarrak izan ziren. Kantabriatik ere piano jotzaile bat joan zen aurtengo ekitaldira. Epaimahaian Hondarribiko Musika Eskolako irakasle bat izan zen, Miren Erostarbe.