Txutxu-mutxu
Hizkimizki, hizkimiri, esamesa, berriketa, autu-mautu, zurrumurru, txutxu-mutxu… Sekula entzun izan dut eskimalek zuri kolorearen 30 tonu ezberdin identifikatzeko gaitasuna dutela eta, noski, bakoitza izendatzeko modu zehatz bat. Beren egunerokotasunaren parte garrantzitsua delako, biziraupenerako elementu. Horregatik suertatzen zait kuriosoa gure hizkuntzak txutxu-mutxuen inguruan sortutako hiztegi oparoa. Eta hori, herri bakoitzeko berezitasunak bildu gabe, bestela, seguru nago artikulua sinonimoekin betetzeko modua izango nuela.
Prozedura sinplea da. Batek zerbait entzun eta beste hainbeste, edo pixka bat gehiago, irudikatzen du. Beste norbaiti kontatzen dio, entzun duenaren eta bere produkzio propiotik jarritakoaren artean desberdintasunik egin gabe. Bigarren honek ere, istorioa apaintzeko barru-barrutik ateratako beharren bati jarraituz agian, edo kontakizuna hankamotz aurkitzen duelako bestela, emozio pixka bat sartzea erabakitzen du. Intentzio hoberenarekin betiere. Gero eta kate luzeagoa orduan eta kontakizun sinestezinagoa. Hurrengo hau, zalantzarik gabe, horietako bat da.
Beste bi historialarirekin batera, Hondarribiko testigantzak biltzen ari gara, jendea elkarrizketatzen, gure herri honetan frankismo garaiko giroa nolakoa zen ezagutze aldera. Parentesi artean: (elkarrizketatzeko jende bila ari gara, beraz, garai hura bizi izan zuenari, edo guraso edo aitona-amonek kontatukoa partekatzera animatzen denari, bihotz-bihotzez eskertuko genioke). Jasotako informazioaren artean, bitxikeria bat: gerraosteko zurrumurru bat.
Hondarribiko Farolako kanpinean bada luxuzko eraikuntza bat, itsasoari begira eraikia; seguruenik, bertakoak zareten guztiok ezagutuko duzuena. Beti entzun izan dut etxe hura Francoren hurbileko norbaitena zela, baina ez dut sekula jakin norena. Atzoko elkarrizketan hori etorri zitzaidan burura, eta galdegin nion. Elkarrizketatuak irribarre egin zuen.
Francisco Sagarzazu alkateak ba omen zuen leku hartan bertan herriko hilerria eraikitzeko asmoa. Neurrigabeko proiektua zen, ikaragarria, alkate honek ohitura zuen modura. Herritarrek, baina, ez zuten begi onez ikusi proposamen hura. Kotxerik ezean, nola eraman gorpuak haraino? Hilerria mugatzen zuten murruak soilik altxa ziren, proiektua bertan behera geratuz. Urte batzuetan zehar San Gabriel ospitaleak baratzeak izan ei zituen bertan, baita animalia batzuk ere. Halako batean, udalekoa zen orubean, Daniel Mendezek, Francoren hurbileko arkitektoetako batek, etxe baten eraikuntza hasi zuen, gaur egun lekuan bertan ikus daitekeena.
Antza, eraikuntza lanak espero baino denbora gehiago luzatu ziren, eta herrian ezinegona sortzen hasi zen. Zurrumurru batek azaldu zuen lanen atzerapenaren zergatia: benetako helburua ez zen etxe bat altxatzea. Eraikuntzaren azpian pasabide bertikal bat egiten ari ziren, etxea itsasoarekin lotuko zuena, eta puntu horretan urpekari bat sartu ahal izateko espazio bat irekiko zuten. Modu horretan, Ameriketako Estatu Batuak edo beste herrialderen bat Francoren atzetik etorriko balitz, honek hemendik ihes egiteko aukera izango luke, itsaspeko ontzi batean.
Zurrumurruak gezurtatzea izan ohi da ohikoena, baina kasu honetan, egiaztatzea da nire helburua. Txumu-mutxu hori benetan zabaldu zela konfirmatzea. Istorio polita iruditzen zait.
Izan ere, larrituta nago. Susmoa dut gure kulturaren elementu garrantzitsua den eta izan den ohitura hau desagertzeko zorian dagoela. Bizitzari saltsa pixka bat emateko garrantzitsuak izan dira zurrumurruak, egunerokotasun monotonoari ihes egiteko modu bat. Baina gaur egun ez dago horrelakoren beharrik istorio sinestezinak entzuteko. Telebista piztea besterik ez dago. Atzo, bat entzun nuen adibidez. Diru publikoaren kontura aberastu den Elena infantak, gehien jota, isun ekonomiko bat jasoko duen bitartean, honek epailearen aurrean egindako deklarazioa grabatu zuenak kartzela zigorra jaso lezake. Txutxu-mutxua?