Materiala ez jasotzeko deia egin du Pasaia Garbiak
Antxon hondakinak biltzeko sistema berria “inposaketa” dela iritzita, Pasaia Garbia plataformak dei egin die antxotarrei materiala ez jasotzeko, “Bilduren inposaketaren kontra gaudela azaldu behar dugu”. Zentzu horretan, plataformako kideek esan dute materiala ez jasotzeak ez duela isun zigorrik, “udal gobernuaren gezur batek zabaldu duenaren kontra”.
Hondakinak gaika biltzeko sistemaren kostuan jarri du Pasaia Garbiak indar berezia hedabideei bidali dien oharrean. “Beste herri batzuetan gertatzen ari den bezala, atez ateko sistema diotena baino garestiagoa izango da”, eta gastuaren zifra 600.000 euro baino gehiagoan jarri du plataformak, “diru hori pasaitarren gehiengoak nahi ez duen sistema batean erabiliko dute. Bilduk entzungor egiten die herritarrei, eta horren seinale da ez dietela jaramonik egin jaso ditugun 4.247 sinadurei, ez izan diren batzarretan herritarrek esandakoei ere.
Kezka agertu du ere Pasaia Garbiak Eskalantegi kaleko gaiarekin. Jakina denez kale horren zati alde bat Pasaiakoa da, eta bestea Donostiakoa. Esan dutenez, “absurdua” iruditzen zaie Donostiako aldean ohiko edukiontziak egotea, “ez al dira konturatzen asko izango garela kalea gurutzatu eta Donostian zaborra utziko dugunak? Nola eragotziko dute hori, udaltzainak horien ondoan jarrita?”. Aldi berean, Pasaia Garbiari gutxi iruditu zaie Donostia aldeko zatiko 30 familiak Antxoko hondakinak biltzeko sistema berriarekin bat egin izana.