Hondakinak gaika biltzeko gailuak, herritarren eskuetan
Gaur hasi da banatzen Pasaiako Udala Antxon hondakinak gaika biltzeko sistema berrirako beharrezkoak diren gailuak: kubo marroiak, errafiazko poltsak (horia, urdina eta grisa), eta gisa orotako informazio orriak. Aste osoan banatuko dituzte horiek Kultur Etxean, gaurtik ostegunera egun bakoitzeko hainbat kaletan, eta ostiralean aurreko egunetan horiek biltzea ezinezko izan dutenak.
Poliki-poliki, baina etenik gabe, joan dira gaur Gelasio Aranburu, Nafarroa etorbidea eta San Marko aldeko bizilagunak euren gailuak jasotzera. Eguerdian ilarak izan dira ere. Datuak eman, eta herritar bakoitzari dagokiona eman diote, betiere kuboei eta poltsei erreferentzia zenbakia jarri ondoren; erreferentzia zenbaki hori zintzilikailuetan jarrita egongo da, hortaz, hor utzi beharko dituzte herritarrek euren hondakinak dagokion egunean eta orduan.
Ez da gertakaririk izan. Banaketan aritu direnek —gobernu taldeko kideak— Hitzari esan diote lasai-lasai joan dela goiza, liskarrik eta horrelakorik gabe.
Horiek banatuta, aurki jakinaraziko du udalak noiz hasiko den hondakin bilketa sistema berriarekin.