Inauterien aurkezpena
Trapujale prest da Jaizkibel menditik jaitsi eta inauteri jaietan murgiltzeko. Hala iragarri dute Ainhoa Zabalo alkateak, Mikel Arruti Kultura zinegotziak eta Xanti Val Kultura teknikariak gaur goizean egin duten agerraldian. Ez dira bakarrik izan sei eguneko egitarau oparoa aurkezteko garaian,ondoan izan dituzte Rafa Aristi Lezo Institutuaren izenean, juan Luis Urkizu Trapujale taldearen izenean, Pasaia-Lezo Lizeoko Ixiar Arrizabalaga Pikabea eta Lezoko Dantzazaleok taldeko Gurutze Alberdi.
Aurtengo inauteriak ere Lezoko askotariko talde eta eragileekin elkarlanean antolatu dituela udalak nabarmendu du Arrutik eta eskerrak eman dizkie guztiei, “Lezo herri bizia eta dinamikoa nahi dugula argi dugulako, eta horretarako ezinbestekoa da eragile eta elkarteen parte hartzea. Lankidetza sustatzeko, ezinbestekoa da elkarteen inplikazioa”. Elkarteei egindako lana aitortuta herritarrei egin die dei Arrutik, trapujalez jantzita kalera atera eta inauteriekin goza dezaten. Lezoko inauteria “errotuta” dagoen zalantzarik ez duela gaineratu du Kultura zinegotziak eta herriko ohiturak eta trapujale bera mantentzera deitu ditu lezoarrak, “guk bizi izan duguna eta disfrutatu duguna, besteek ere, gure ondorengoek bizi dezaten”.
Ildo beretik jo du Kultura teknikariak, eta Lezokoa inauteri “berezia” dela nabarmendu du: “Pertsonaje oso bereziak ditu, Trapujale, Mari Nazkane, Zirikiak eta Jaizkibel mendia. Errotutako tradizioa sortu dugu eta hori gaur egun mantentzen da zorionez inauterietan haurrek duten parte hartze handiari esker. Indar handia ematen diote inauteriari”. Horren harira, Trapujale taldeak urtero banatzen duen Trapujale saria aurten Lezoko ikastetxeei emango dietela aurreratu du Urkizu Trapujale taldeko kideak: “Urtero urtero ikasleekin egiten duten lanketa aitortu nahi diegu sariaren bidez. Merezi dute”.Haurtxo haurtzaindegiak, Lezo Herri Eskolak, Lezo Institutuak eta Pasaia Lezo Lizeoak jasoko dute omenaldia plazan 20:00etan hasita inauterien lehen egunean.
Ostiralorin ikasleak protagonista
Lezo Herri Eskola eta Institutuko ikasle eta irakasleen kalejira abiatuko da 9:30ean herri osoan barrena eta ordubete beranduagoikuskizuna egingo dute Bekoerrota Kiroldegian. aurten aukeratutako gaia euskal mitologia izan da. Aurretik, ongietorria egingo diote Trapujale txikiari ostegunzurin Herri Eskolakoek. Epaiketa txikia ere beraiek antolatu dute aurten Plazan eta Trapujaleren epaiketa eta erreketa antzeztuko dute hirugarren zikloko ikasleek. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasle eta irakasleek berriz Trapujale festa egingo dute oztiralorin 11:00etan hasita Gurutze Santuaren Plazan. Ondoren hamaiketakoa eta Trapujolasak izango dituzte. Ostiralarekin egingo dute saioa ere Lezoko Dantzazaleok taldeko kideek. Aurten Luzaideko Inauteria eskainiko dute Gurutze Santuaren plazan 19:30etik aurrera.
Trapujale dantza
Iaz sortutako Trapujale dantzari bultada eman nahi diote bestaldeeta horretarako datorren larunbatean hura erakusteko tailerra antolatu du Trapujale taldeak Saldise plazan Lezoko Irrien Lagunak taldearekin elkalanean 17:00etatik aurrera. Tailerra amaituta indarrak hartzeko txokolatea banatuko dute. Dantzaren pausuak erakusten dituen
bideoa ere sortu dute, ikastetxeetara helarazi lantzeko eta udalak ere bere webgunean zintzilikatuko du. Lezoar guztiak animatu dituzte hura ikasi eta dantzatzera.
Ainhoa Zabalok azkenik, trapujalez jantzita kalera irtetera deitu ditu herritarrak, “zer gozatu izango dugulako”.
Inauteriak 2014 Behin betikoa