Familien arteko elkartasun ekimen bat jarri dute martxan
Ikasle eta familiek hezkuntza arloan dituzten zailtasunak gainditzea du helburu Agustinak, iztieta-Ondartxo eta Alabergako auzo elkarteek martxan jarri duten ekimenak.
Auzotarren arteko laguntza saioak martxan jarri dituzte Iztieta, Alaberga eta Agustinetan. Antolatzaileek jakinarazi duenez, geroz eta auzotar gehiago ari dira batzen, baina ahalik eta familia gehiagorengana iristeko, jende gehiago behar dutela zehaztu dute.
“Ikasle eta familiek hezkuntza arloan topatzen dituzten zailtasunak gainditzeko, beraien artean lagunduz, egitura sozialak eratu dira auzoetan. Guztien mesederako bakoitzaren ezagupen eta gaitasunak erabiltzea da ideiaren oinarria”.
Familia bakoitzak arduradun bat aukeratu beharko du, eta beste arduradunekin batera, sortzen diren zailtasunetan lagunduko dute: “Hasiera batean, arduradunak saio guztietara azaltzen dira, eta ondoren, arduradun talde txikiak sortzen dira. Bakoitzari egun bat egokituko zaio ikasle taldeari laguntzeko”.
Norbaitek parte hartu nahi izanez gero, auzo elkartearekin harremanetan jarri edo 675 70 51 91 telefono zenbakira deitu behar dute.