Aurrekontu proposamena 22.500.000 eurokoa da, iazkoa baina %6,86 handiagoa. Martxoaren 4ean egingo den udalbatzarrean bozkatu eta onartuko dutela espero da. Hala esan zuten atzo arratsean herritarrei aurrekontuak aurkezteko udaletxean egin zuten bileran.
Esan zutenez, lau ardatz nagusi izango ditu 2014. urterako landu duten aurrekontuak: Gastu arruntei eustea, udalerri osoan hondakinak atez atea biltzeko sistema berria martxan jartzea, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa berreskuratzea eta sektore ahulenei bideratutako laguntzak handitzea.
Jakinarazi zutenez urte bukaerarako Pasaia osora hedatu nahi dute hondakinak atez ate biltzeko sistema, eta horrek izango duen kontua bost urtetan berreskuratuko dutela defendatu zuten, sistema berriari esker, urtero 140.000 euro aurreztuko dituztela aurreikusi dutelako. Horrez gain, 17 lanpostu berri sortu eta gaikako bilketaren tasa, “Donibanen frogatu bezala” %80 handituko dela esan dute.
Garbiketa zerbitzua berreskuratu
Kale garbiketaren zerbitzua berreskuratzea da udalaren beste apustua. Gaur egun, kontrata batek egiten du zerbitzua (PSE-EEk gobernuan zela hala erabakiz geroztik), baina udalak hartu nahi du berriro ere bere gain kudeaketa. Zerbitzua hobetu nahi dute modu honetan, eta horrez gain, 2015. urterako 380.000 euro aurreztea aurreikusi dutela jakinarazi dute.
Azkenik, gizarte larrialdietarako laguntzak handitu nahi dituztela azaldu zuten. Aurrekontu osoaren %20 bideratuko dute Gizarte Ekintza Sailera. Nabarmendu zutenez, 2011 urtetik ongizate departamentuaren aurrekontua %17,77 igo da.
Barrutika, hauexek aurten Pasaian landuko diren proiektu garrantzitsuenak:
Donibane:
- Alaburtzako proiektua izapidetzen hasi.
- Gizarte eta kultura eraikinaren zati bat abian jarri.
- Arrokaundietako deposituan ur sarreren kontrola egin eta turbidimetroa jarri.
- Errotetan zerbitzu sailerako azpiegitura egokitu.
San Pedro:
- Ondartxo bidearen konponketa eta ontziolarako egokitzapenarekin jarraitu.
- Gizarte eta kultura beharrei buruzko parte hartze prozesua egin eta proiektuaren definizioa adostu.
- Haur parkea egin.
Trintxerpe:
- Euskadi etorbidearen urbanizazio lanak egin.
- Andonaegi futbol zelaia berritu.
- Ziriza eraikinaren erabileraren inguruko parte hartze prozesua.
Antxo:
- Frontoi berriaren eraikitze lanak hasi.
- Udal bulegoak egokitu.
- Mugikortasun politika berria gauzatu eta bertakoek aparkatzeko guneak sortu.