"Jendea gugana etorri beharrean, zergatik ez goaz gu jendearengana?"
Josune G. Monton (Donostia, 1970) eta Laura Lopezek (A Coruna, 1970) osatzen duten Teatro Que Madurak lan berria estreinatuko du Maiteminduen Egunean, Errenteria-Oreretan: Auskalo. 15 minutuko mikropieza bat izango da, eta Errenteria-Oreretako bost tabernetan ikus ahal izango da: De Cyne Reyna (18:45ean), Arkaitza (19:15ean), Zuzen (20:00etan), Landare (20:45ean) eta Mikelazulon (21:30ean). Bikote baten harremanetan oinarrituta dago, eta publikoaren parte hartzea bultzatuko dute.
Auskalo antzezlana Maiteminduen Egunean aurkeztuko duzue. Kasualitatea al da?
JOSUNE G. MONTON. Ez da kasualitatea. Maitemindu batzuen istorioa da. Bikote bat da, eta egun batean zerbait gertatu ondoren, Maitek galdera bat egingo dio Aitor bikoteari eta ez du erantzunik jasoko. Hor gauza asko suertatzen dira. Bikote harremanean oinarritutako antzerkia dela kontuan izanda, pentsatu genuen Maiteminduen Eguna ederra zela aurkezteko.
Maitemindu horiek, ordea, ez daude bere momenturik onenean.
J.G: Maitemintzen zarenean, burbuila batean sartuta egongo bazina bezala zeude, eta momentu batean orratz bat etortzen da, eta eztanda egiten du. Lan honetan gertatzen dena da orratza. Beraiek maiteminduak daude, eta oso gustura daude elkarrekin.
Tabernaz taberna ibiliko zarete mikroantzezlan hau ematen. Aurretik halakorik egindakoak al zineten?
LAURA LOPEZ: Ez. Gure lehenengo mikropieza da, estreinaldia da.
J.G: Estreinaldia prestatzen ari ginela, buruari bueltak ematen aritu ginen, ‘nola egingo dugu?’. Taberna batean egitea 15 minutuko obra bat ez genion zentzu askorik ikusten. Pentsatu genuen, herri batean, baina pase asko egitea bururatu zitzaigun. ‘Jendea gugana etorri beharrean, zergatik ez gara gu joaten jendearengana?’. 15 minuturako jendea etortzea… azkenean, tabernaz taberna joatea erabaki genuen. Tabernetan galdetzen joan ginen, eta oso erantzun ona jaso genuen.
Ikusleen parte hartzea ere bultzatuko duzue. Zergatik?
J.G: Antzerkia, azken finean, hori da: feedback-a da. Guk gure planteamendua ematen dugu, eta hori komunikatu nahi dugu eta era berean, ikusi, jendeak zer jasotzen duen. Taberna bat beti hurbilagoa da; ez da antzoki bat bezala.
Gai honetan, gainera, jendea identifikatua egon daiteke.
J.G: Guk gure lana beti abiatzen dugu guk geuk inkontzienteki zer egiten dugun. Horri begiratzen diogu. Gertatzen zaigu jendea identifikatua sentitzen dela, azken finean, denek antzeko gauzak bizi ditugulako. Jendeak barre egiten du bere burua ikusten du.
Barre egiteko antzerkia da, beraz?
J.G: Barreak distantzia bat ematen du, eta distantzia horrek balio du gauzak distantzia batekin ikusteko. Absurdua ikusten duzunean. Azken finean, drama bat da, baina hain da drama gertukoa ikusten duzunean zu zeu izan zaitezkeena horren egoera dramatikoan, azkenean barregurea ematen duela.
Teatro Que Madura konpainia osatzen duzue biok. Zeintzuk zarete?
J.G: 2009an elkartu ginen. Nik antzerki munduan 20 urte baino gehiago daramatzat, eta lan asko besteentzako egin ditut.
L.L: Ni, berriz, klown munduan egon nintzen, eta ja aspertuta nintzen horretaz.
J.G: Baneukan kaxoian proiektu bat, eta proposatu egin nion. Hasi ginen lanean. Pixkanaka konturatu ginen esku artean zer genuen. Prozesu luze bat izan da. Ikusten duguna da interes berak ditugula. Mundu ezberdinetatik gatoz, baina antzerkia modu berean ulertzen dugu. Hala, aurrera egin genuen.
Zertan ari zarete momentu honetan?
J.G: Ostiralean estreinatuko dugun piezaz gain, proiektu berrian prestatzen. Beste ikuskizun bat ere badaukagu martxan, Como como poco me descoco poco. Ikastaroak ere ematen ditugu emakumeei zuzendutakoak: antzerkia tresna bezala erabiliz, gauzak ikertzeko; hala nola, generoa. Berdintasun eta kultura arloekin ari gara lanean.