Xenpelarrek jakingo balitu
Bazen garaia, bazen garaia… has zitezkeen, adibidez, okasiorako Xenpelarrek jarritako bertsoak. Gai-jartzaileak honela esan ziezaiokeen aurretik: «Xenpelar, denboran aurrera egin eta pentsa ezazu 2014ko urtarrilaren 13a dela. Atzo bete ziren 179 urte Senperelarren jaio zinela. Zu omentzeko bildu dira hainbat herritar plaza honetan bertan. Omenaldi txukuna antolatu dizute: musika banda; txistulariak; zure plantan jaka beltza sorbalda gainean daramaten dantzariak (mutilak eta neskak!); zure izena ipini dioten bertso eskolako bi lagun kantari «kopla berriak Xenpelarrek jarriak» gisan; hiru bertsolari, horietako bat lau aldiz Euskal Herriko txapelduna izana, bertsotan; omenaldia sustatu duen lagunetako bat urtetan pasa behar izan dituzten komeria eta ibilera luzeak kontatzen; garaiko alkatea diskurtsoa bi bertsotan botatzen, eta abar. Gainera, plaza honetan bertan, demagun izkin horretan, erdoildutako zuhaitz bat ipini dute, koloretako lorez inguratuta: «Zu omentzeko eskultura omen da. Hiru bertso nahi duzun doinu eta neurrian». Entzutekoa izango zen segidan Xenpelarrek saioaz bertsotan egindako kronika!
Xumea bezain goxoa izan zen ekitaldia. Kontu franko jakin genituen, eta han entzundako gauza batek baino gehiagok eman zidan atentzioa.
Izenez Juan Frantzisko eta abizenez Petriarena Berrondo, Xenpelar bertsolaria, 1835eko urtarrilaren 12an jaio zen eta 1869ko abenduaren 8an hil Madalen kaleko etxean, gaur egun kultur-etxea den horretan bertan. Betetzear zituen 35 urteak.
1869an baztanga izurritea izan zen Oreretan. Garaiko agirien arabera, 1869ko urriaren 10etik 1870eko urtarrilaren 17ra arte 70 lagun eraman zituen gaixotasunak: haien artean Xenpelar, emaztea, anaia zaintzera joan zen Maria Luisa eta haren alaba Daniela, bertsolariaren iloba jaio berria. Denak hil ziren Madalen kaleko etxean, eta hara zer-nolakoa den patua, gela batean Xenpelarrek azken hatsa eman zuen unean jaio omen zen aldameneko gelan egun gutxira hilko zen iloba.
Bertsolariaren heriotzaren lehen mendeurrenaren harira, hamaika ekitaldi antolatu omen zituzten Oreretan 1969an. Tartean, Jorge Oteiza eskulturgileari eskatu omen zioten Foru plazaren urbanizazioa. Hainbat proiektu aurkeztu ondoren, bertsolariaren 7 m.ko eskultura jartzea proposatu zuen, gaur egun musika kioskoa dagoen inguruan. Eskulturaren maketa ere egin zuen. Azkenean, ezertan geratu zen egitasmoa, eskulturgile oriotarraren haserrerako, segur aski.
Urte hartakoa da ere denok ezagutzen dugun Antonio Valverde Ayalde margolariak egindako Xenpelarren erretratua… eskerrak joan nintzen omenaldira, orduantxe jakin bainuen nik erretratuko hura ez zela Xenpelar. Antza, ez omen dago bertsolariaren argazkirik, eta Ayaldek artean bizi den Oiartzungo Matxio baserriko Antonio Lekuona hartu omen zuen eredu gisa erretratu hura egiteko. Ahoa bete hortz geratu nintzen.
Ondoan nuen lagunak istorioa biribildu zuen. Pontikako elizan Marko deunaren irudia dago aldarean margotuta. Esku batean arrautza bat omen du San Marko opila dela-eta, eta, bestean, gogoan ez zuen beste zerbait. Eta noren aurpegia uste duzu duela santuak? Bada Xenpelarren aurpegia; hau da, oiartzuar modeloarena. Eman beharko dugu buelta bat Pontikatik Xenpelar santutua ezagutzeko.
Ekitaldian errespetua eskatu zuten burdinezko zuhaitzarentzat: inork pintadarik edo gisakorik ez egiteko, alegia. Andoni Egaña bertsolariak, ordea, errimatuta eta letra onarekin idatzitakoa onartuko zuela aipatu zuen bertso batean. Xenpelarren okasiorako bertsoen faltan, hona hemen errimarik gabe eta halamoduz idatzitakoa, Xenpelarrekiko ezagutza gisa balioko duelakoan.