Joan den ostiralean Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuaren aurrekontuaren aurkezpena egin zuten. 16.614.769 euroko aurrekontua izango du udalak 2014an eta horietatik 667.951 euro Euskara sailarentzat izango dira. Hondarribiko Udalak euskarari zuzenduko dion diru-kopurua iazkoaren antzerakoa da eta, Txomin Sagarzazu zinegotziak ostiralean azaldu zuenez, irizpideetan kontsentsoa bilatu dute: “Irizpide nagusienak, alderdien arteko kontsentsu eta adostasun zabala litzateke alde batetik, errealismoa bigarrenik, gure herriko datuen egunerokotasuna kontutan hartuta lan egiten baitugu, eta azkenik, progresibotasuna, adostasun eta errealismo horiek uztartuta aurrera egiten dugulako landutako bidean”.
Euskara departamentuaren helburua nagusien artean Udalaren Erabilera Planeko 2014ko ekintza-plana betetzea dago eta, euskaltegiari dagokionez, “zentroaren egonkortasunari eustea eta Mintzalaguna programa sendotzea”, iritzi zuen Sagarzazuk.
Jardueren artean Neguko Jardunaldiak (16.000 euro) eta Mintzalaguna egitasmoa (15.100 euro) dira aurrekontu handiena dutenak eta, argitarapenei dagokienez,
Hondarribia aldizkaria nabarmentzen da (36.905 euro).
Beste atal bat diru laguntzena da; 33.460 euro banatzen ditu Euskara sailak, nagusienak Bertsolaritza eta ahozkotasuna eta Urtxintxa ikastetxeentzat bideratzen dena (12.000 euro) eta Udako ikastaroetan parte hartzen dutenen artean banatzen dena (9.800 euro).
Euskara departamentuko aurrekontua: 266.010 euro.
- Pertsonala: 105.612 euro.
- Gastu arrunta: 126.936 euro.
- Diru-laguntzak: 33.460 euro.
Euskaltegiko aurrekontua: 402.000 euro.
- Soldatak: 353.042 euro.
- Gastu arrunta: 35.799 euro.
- Bekak: 10.500 euro.
- Inbertsioak (ekipamenduak, liburuak): 2.600 euro.