@HondarribiaInfo twitter kontuaren arduradunari herriko armarria ez erabiltzeko eskatu dio Hondarribiko Udalak eta, kendu ezean, bere aurka egingo dutela jakinarazi diote. Twitter bidez herriari buruzko askotariko informazioa zabaltzen du erabiltzaile horrek, eta hainbat iturri erabiltzen ditu horretarako, haien artean udalaren beraren webgunea edota Hondarribiko Hitza. Gainera, HondarribiaInfo twitter kontuaren goiburuan honako azalpena ageri da: “Hondarribiko informazioa. Udalarekin zerikusi gabea”.
Aitor Kerejeta alkateak urtarrilaren 28an sinatutako gutun baten bidez, herriko armarria ez erabiltzeko eskatu zaio kontuaren erabiltzaileari, “zalantza” sortzen duelako: “Ikusi dugu zure kontu partikularrean baimenik gabe Hiri honetako armarria erabiltzen ari zarela irudi, logotipo edo marka gisa, eta bertan mota ezberdineko informazioa sartzen duzula; horrek zalantza sortzen du informazio horren iturriari buruz, izan ere pentsa liteke jatorria udala dela, baina berez ez da hala”.
Hori horrela, armarria ez erabiltzeko eskatzen diote @HondarribiaInfo kontuaren sortzaileari eta, egin ezean, neurriak hartuko dituztela jakinarazi: “Hiriko armarria marka erregistratu gisa babesten duten Marken Legeko xedapenak kontuan hartuta, udal honek zure aurka egingo du jurisdikzio organoen aurrean dagozkion ekintza zibil eta penalak erabiliz”.
HITZA harremanetan jarri da HondarribiaInfo Twitter kontuaren arduradunarekin eta udalaren jarrerarekin kexu azaldu da. Bere ustez, “armarria ez da udalarena herriarena baizik, eta herriaren ezaugarri edo adierazgarri grafiko bezala, herritarrek libreki erabiltzeko eskubidea eduki beharko lukete”. Gainera, elkarte askok armarria erabiltzen dutela gaineratu du: “Hondarribiko hainbat elkarte eta taldek erabili izan dute, nahiz eta udalarekin harremanik ez eduki, horien artean Higer Hondarribiko merkatarien elkarteak, alardeko kantinerek eta konpainiek… Etekin komertziala ateratzen zaien pegatina, postal, llabero eta beste gauza asko ere salgai daude Hondarribiko armarriarekin. Jaietan ere zenbait enpresak udalarenaren kalko hutsak diren festetako programak kaleratzen dituzte, eta armarria eraman ohi dute, nahiz udalaren programa ofizialarekin nahasteko aukera handia egon. Behin ere ez ditu udalak argitalpen horiek eragotzi. Aldiz, gure kontuan argi eta garbi adierazten da ez duela zerikusirik udalarekin”.
Hori horrela, udalaren eskaera “zentzurik gabeko inposaketa” dela deritzo, eta ez duela beteko aurreratu du HondarribiaInfo kontuaren arduradunak. “Badirudi udalak bere Twitter kontua sortu zuenetik molestatu egiten diola berea baina zaharragoa eta aktiboagoa den eta jarraitzaile gehiago dituen Twitter kontuak itzal egitea”.
Ia 5.000 txio
Duela lau urte sortu zen HondarribiaInfo Twitter kontua eta dagoeneko 800 jarraitzaile baino gehiago ditu. Egileak azaltzen duenez, “Hondarribiari eta bertako gertakariei buruzko informazioa modu azkar eta erraz batean zabaltzeko helburuarekin” jaio zen eta bi iturri nagusi ditu, udal webgunea eta Hondarribiko Hitza: “Garrantzi handia eman zitzaion udalak bere webgunean plazaratzen dituen agenda eta berrien zabalpenari. Hasieran, udal webgunea oso deserosoa zen informazio hori mugikorren bidez irakurtzeko eta, Twitter bidez berrien izenburu eta estekak argitaratzerakoan, herritarrei interesgarria zitzaien berria zuzenean irakurtzeko aukera eskaintzen zitzaien. Aurrerago, udalak Facebook kontua sortu zuenean bertan txertatzen zituen berriak ere hasi ginen zabaltzen. Azkenik, eta euskarazko herriko informazioaren zabalpena indartu eta lagundu asmoz, Hondarribiko Hitza aldizkariak argitaratzen zituen berriak ere gehitu genituen Twitter kontura”.
Hortaz, udal webgunean plazaratzen diren albisteak, udalaren Facebook kontuan txertatzen direnak eta Hondarribiko Hitzarenak zabaltzen ditu HondarribiaInfo-k Twitter bidez. “Guzti hau automatikoki egiten da guk sortutako programa bati esker, ez da inor egunero berriak eskuz idazten ibili behar. Erabiltzen diren azpiegitura eta sistema guztiak ere doakoak dira eta ez dute inolako kostu ekonomikorik. 800 jarraitzaile baino gehiago ditugu eta denbora guzti honetan ia 4700 txio zabaldu ditugu”.