Hartza eta marmotak
Otsailaren hasiera da, Kandelaria eguna. Hartza lozorrotik esnatu da eta putza egin du. Elurrak inguru guztiak betetzen ditu. Hartzaren begirada ilargian pausatu da, gorputza astindu du eta kobazulora itzuli da.
Aste honetan ospatu diren Kandelaria, San Blas eta Santa Ageda egunak, inauteri zikloarekin lotutako jaiak dira. Negua atzean utzi eta udaberria gertu dagoela iragartzen dute: lurra esnatzeko garaia. Kandelaria eguna hotz samar joateaz gain, itsasoak sekulako olatuak eta txikizioak ekarri zizkigun. Esaera zaharrak dio Kandelaria hotz, negua motz. Kandelaria bero, negua gero baina aurtengoan ez dirudi negua atzean berehalakoan utziko dugunik.
Gaur egun, egutegi zehatzak eta eguraldi iragarpen txukunak erabiltzen ditugu. Telebistan elurra egingo duela iragartzen dute eta Aiako Harria eta Larun zurituak esnatzen dira. Olatu handiak sortuko direla esaten digute eta goizean Ondarraitz inguruan itsasoak sortutako triskantzen argazkiak ateratzen ditugu. Andoni Aizpuruk dioena adi jarraitzen dugu, negua luzatuko den edo amaitzear dagoen jakiteko. Garai batean, ordea, beste modu batzuk erabiltzen zituzten. Zeruari adi begiratzeaz gain belaunaldi-belaunaldi transmititutako jakinduria zuten.
Otsaila hasieran hartza zen negua luzatuko zen edo amaitzen ari zen iragartzen zuena. Hartzak zehazten zuen aratusteen hasiera eta, ondorioz, udaberriaren etorrera. Hartza lozorroan sartzen da haitzuloan negua pasatzeko eta udaberrian ateratzen da. Oier Araozalak antropologo eta dantzariak ederki azaldu izan du Kandelaria egunaren inguruan hartza haitzulotik ateratzen dela, zeruari begiratzen diola eta ikusten duen ilargiaren arabera badakiela inauteriak ospatzera irten behar duen edo lo jarraitu behar ote duen.
Mito honek egutegiaren antolaketarekin zerikusia du. Aspaldian egutegia ilargiaren arabera egiten baitzen. Hartza otsailaren 2an bere ezkutalekutik zerua behatu eta iluna badago, hau da ilargi berria badago, inauteria ospatzera aterako da. Argia ikusiz gero, aldiz, ilargi betea dagoela esan nahi du eta, beraz, itxaron egingo du. Horregatik, Euskal Herrian, Europako herri askotan bezala, hartza eta aratusteak oso lotuta egon dira. Ituren, Zubietan, Arizkunen eta beste hainbat herrietan hartza da inauteri ospakizunen pertsonai garrantzitsu bat.
Aurtengoan, hartzak begiak ireki ditu eta kanpora atera da. Hotz egiten du. Zeruari begiratu dio eta ilargia ikusi duenez haitzulora bueltatu da bertan goxo lo egitera. Guk, ordea, ez diogu ez ilargiari ez hartzari begiratu. Ia esnatu gabe, telebistan urtero agertzen den marmota amerikarrari begiratu diogu, itsasoaren beste aldeko istorioekin liluratuta. Hartzak gurekin egin du amets, telebistari begira bizi garen marmotekin. Santa Ageda bezperako makilak lurra esnatzeko baino gu esnatzeko erabili beharko genituzke.