PSE-EEk atez atekoaren kontra protestatzera deitu ditu pasaitarrak
Pasaiako PSE-EEren ustez bizilagunen protestak baino ezin dute geratu Bilduk Pasaian hondakinak atez ate jasotzeko duen asmoa. Horregatik “era baketsuan manifestatzera” eta “aktiboki protestatzera” deitu dituzte Pasaia Garbia plataforma eta pasaitarrak, eta bide horretan herritarrek PSE-EE bidelagun izango dutela agindu dute.
Gaur eguerdian eman dute prentsaurrekoa gaiaren harira Pasaiako PSE-EEren bozeramaile Izaskun Gomezek eta PSE-EEen Gipuzkoako Ingurumen idazkari Denis Itxasok. Esan dutenez, laster ezarriko da atez ateko sistema Antxon, “datorren hilabetean edo”, eta aurten bertan zabalduko dute baita ere Trintxerpe eta San Pedrora. Donibanen iazko udaz garoztik dago martxan.
Haserre dago PSE-EE Bilduk hondakinen aferan hartu duen jarrerarekin. Izaskun Gomezek salatu duenez, gobernu taldeak 2011n agindu zuen hausnarketa eta eztabaida ez dira inoiz gauzatu, gaiaren gainean egin dituzten parte-hartze prozesuak, PSE-EEren arabera “bilera informatiboak” baino ez direlako izan. Horrek pasaitarren haserrea eragin duela nabarmendu du PSE-EEk.
Ezker Anitzarekin ere kritiko izan dira PSE-EE ordezkariak, beren babesari esker lortu duelako Bilduk Pasaian atez atekoa ezarri ahal izateko behar duen babesa, eta horregatik “zentzugabekeriaren” arduradun egin du Ezker Anitza.
Udalerria “hipotekatu”
PSE-EEren arabera atez ateko sistema ezarrita “Pasaia hipotekatu” egingo du Bilduk. Esan dutenez, “Amaia Agirregabiria alkatea gobernura iritsiz geroztik zaborraren tasak %34 egin du gora”. Pasaian atez atekoa ezartzeko 1.800.000 euro behar direla esan du Izaskun Gomezek eta Pasaiak kostu hori ezin duela bere gain hartu salatu du. “Aberrazio soziala eta ekonomikoa” iritzi di Izaskun Gomezek, soziala, “herritarrek ez dutelako nahi” eta ekonomikoa “Pasaiako ekonomiak ezin duelako jasan”. “Pasaitar guztiak ordaindu beharko dute Bilduren gutizia” salatu du PSE-EEk. 4.000tik gora pasaitarrek atez ateko sistemaren kontra sinadura eman zutela gogorarazi du Izasun Gomezek eta “4.000 sinadura Bilduk Pasaian dituen botoak baino gehiago” direla ohartarazi du. Zentzu horretan, PSE-EE gobernura iristekotan atez ateko sistema “berehala bertan behera” utziko dutela agindu du.