Jose Angel Rodriguez: "Alkatearen kalitate botoak kudeaketa txarra agerian uzten du"
Aurrekontuen ondorenarekin jarraitzen dute Errenteria-Oreretan. PSE-EEk urtarrilaren 28ko plenoan emandako arrazoiak berretsi ditu gaur, eta oposizioaren aldaketekin aurrekontuak hobetu diren arren, emaitza orokorra ez dela nahikoa ezta jasangarria ere esan du Jose Angel Rodriguez bozeramaileak.
Horrez gain, aurrekontuek gutxieneko gehiagoa ere ez dutela eduki adierazi du, eta boto berdinketa alkatearen kalitate botoarekin hautsi zela adierazi du, “legezkoa den arren, kudeaketa txarra agerian uzten du”.
Aurrekontuen gainean eztabaidatzerakoan, Dantzagunearen gaineko proposamen bat egin zutela adierazi du, baina ezezkoa jaso zutenez, ez zietela akordiorako aukerarik utzi esan du Rodriguezek.
“Dantzagunerako, ordea, dirua badago”
Beste behin, inbertsioen ataleko zifrak ez daudela berretsita azaldu du, eta gainera, mailegu bat eskatuko dutela: “%37 bakarrik estaliko da diru laguntzekin, eta guztiak ez daude bermatuta”. Eta gaineratu du: “Dantzagunerako, ordea, dirua badago”. Hori diputazioak ordaindu beharko lukeela esan du, baina herritarrek ordainduko dutela: “6 milioi euroko gastu osoaren %25 ere ez dauka estalita diru laguntzekin”.
Era berean, ekintza sozial eta enplegurako laguntzak ez ditu nahikotzat jo: “Ahalegin handiagoa egin beharko litzateke, %18tik gorako langabezia tasarekin, familia asko gaizki pasatzen ari direlako”.
Beste taldeeekin egindako akordioei esker, hainbat partida murriztu diren arren, “beste hainbat geratzen jarraitzen dute beharrezkoak ez diren kanpoko lanetara bideratuta”.