EAJ kritiko, gobernu taldeak bihar aurkeztuko duen aurrekontuarekin
Bihar 19:00etan aurkeztuko du gobernu taldeak aurrekontu proposamena, 19:00etan, Arizabalon. Udalak iragarri duenez aipatu bileran emango dituzte ezagutzera aurrekontuan bildu dituzten egitasmo nagusiak eta datozen hilabeteetarako norabidea. Bien bitartean, baina, aurrekontuaren proposamenak EAJ eta PSE-EEren kritikak eragin ditu.
EAJ aurrekontuak aztertu eta proposatzeko denbora gutxi izan dutelako kexatu da. “Astebete ez da nahikoa kasuak aztertu eta behar bezalako proposamenak egiteko” salatu du jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminek. EAJren arabera, horrek agerian uzten du “Bilduren kultura demokratiko eta errespetu falta gainerako alderdi politikoekiko eta herritarrekiko”. Are gehiago, jeltzaleen arabera “oposizioko alderdiek egindako proposamenak kontuan hartuko ez dituztela” frogatzen omen du udal gobernuaren jokabideak.
Bildu udala “zorpetzen” ari dela salatu du EAJk, atez atekoa ezarri ahal izateko inbertsioak eginez. “Pasaitarrak zergen bitartez itotzen dituzue zuen atez ateko sistema ezarri ahal izateko” deitoratu du Oterminek.
Hori dela eta “pasaitarrei iruzurrik ez egiteko” eta herritarrei beren diruarekin zer egin behar duten argi eta garbi azaltzeko eskatu dio Amaia Agirregabiria alkateari.
PSE-EEk, bestalde, dagoeneko aurreratu du osoko zuzenketa aurkeztuko diotela aurrekontuari.