Angelun zatitu den 'Luno' zamaontzia atzo arratsean irten zen Pasaiatik
Portu Agintaritzako iturriek jakinarazi dutenez, Luno ontziak matxura bat konpontzeko porturatu behar izan zuen atzo Pasaian, eta 19:30ean irten zen badiatik, Baionara bidean. Angelu parean, baina, trabatuta geratu, dikearen kontra jo eta bitan zatitu da zamaontzia. Marinelak erreskatatu dituzte jada. Denak atera dituzte, onik. Eskifaian bi euskaldun daudela baieztatu du Pasaiako Portu Agintaritzak: Getxo eta Barakaldokoak dira bi marinel euskaldunak. Horrez gain, bost galiziar, bi espainiar, katalan bat eta kubatar bat daude eskifaian.
Kutsadura arriskua
Agintariek kutsaduraren aurkako Polmar plana jarri dute indarrean eta herritarrei zonaldera ez gerturatzeko eskatu diete. Angeluko portua itxita dago eta hondartzako pasealekua eta aparkalekuak hutsarazi dituzte. 130 metro kubiko erregai zituen zamaontziak hautsi denean, baina ez dela isuri esan dute. Edonola ere, Jean Espilondo Angeluko auzapezak jakinarazi du zamaontziaren erregai gehiena kroskoan dagoela, eta, beraz, “kutsadura masiboa” izateko aukera baztertu du. Ateratako erregaiari nola aurre egiten ez dutela erabaki gaineratu du.
Eguerdiaz geroztik alerta laranja ezarria dago olatu handiengatik. 9,2 metroko olatuak neurtu dituzte jada Donostiatik 16 milara. Okerrena arratserako espero da, marea igotzearekin batera.