Bihar, ostegunean, aurreko asteburuko denboraleak gogorren astindutako Gipuzkoako bederatzi udalerrietako alkateak bilduko dira aldundiko arduradunekin. Kalteak zenbaterainokoak izan diren aztertu eta neurriak hartzeko egingo dute bilera. Aitor Kerejeta alkatea bertan izango da

Okerren dauden errepide zatiak barruragotik joatea proposatu du alkateak
Bihar, ostegunean, aurreko asteburuko denboraleak gogorren astindutako Gipuzkoako bederatzi udalerrietako alkateak bilduko dira aldundiko arduradunekin. Kalteak zenbaterainokoak izan diren aztertu eta neurriak hartzeko egingo dute bilera. Aitor Kerejeta alkatea bertan izango da, Hondarribian izandako kalteak mahai gainean jartzeko. Butroi pasealekuan olatuek puskaturiko petril zatiez gain, batez ere, farolako errepidearekin zer egin aztertu beharko dute.
Euritearen eraginez errepidearen zati bat erori da, oso zati handia, errepidearen zabalera osoa hartzen duena. Konponbidea ez da erraza izango eta baliteke urte osoan errepidea berriro ez ireki ahal izatea. Dagoeneko urteko bigarren luizia izan da eta, horregatik, hartzen den konponbidea “luzerako” izan behar dela uste du alkateak eta hori defendatuko du biharko bileran, baita heldu den astean lau erakundeen artean egingo duten hitzorduan ere.
Atzo, asteburuan eroritako zatia ikusten egon zen alkatea Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin eta errepidea barrurago sartzeko beharra azaldu zion Garitanori. “Saiatuko gara lau erakundeen artean akordio batera iristen. Ahaldun Nagusiari luzatu diodan ideia honakoa da, edozein konponketa egin baino lehen, ados jarri gaitezen luzerako izango den konponbide batean. Ideia da errepide hau ez mantentzea hemen, ahalko balitz mendia jan eta ertzean ez egotea. Azken urteetan aldundiak obra ikaragarriak egin ditu hemen eta dirutza handia gastatu du, baina ez dut uste hori etorkizuneko konponbidea denik. Ahala bada, errepidearen tokia aldatzen saiatuko gara”.
Luizia izaten den aldiro aipatzen den proposamena da, baina lur-jausiak ugaritu dira eta proposamen hori beharra bilakatu dela uste du Kerejetak: “Errepidea ertzean dago eta arriskua handiena duten tarteetan mendia jan beharko litzateke, hemen ikusten delako zer dagoen. Batetik trafikoa da eta bestetik urak nondik jasotzen diren. Oinezkoentzat eta bizikletentzat egokia da hau, baina kotxe eta kamioientzat askoz hobe barruragotik joatea. Jakin badakigu hau itsas-labarra dela, eta bizirik dagoela, eta pixkanaka-pixkanaka erortzen joango dela, baina arriskua ahalik eta murritzena izatea da helburua. Teknikoki ikertu beharko dute nola egin”.
Bitartean, luizi gehiago gertatuz gero Ramon Iribarren pasealekuko bizilagunak babesteko neurriak hartu behar direla gaineratu du Kerejetak: “Konponbideak bi alde ditu, errepidearekin zer egin eta paretarekin, pareta ere erortzen jarraituko delako. Horregatik da garrantzitsua lau erakundeen artean konponbideez hitz egitea, pareta zeinena den eztabaidatzeak ez garamatzalako inora. Goazen eztabaida historiko hori alde batera uztera eta elkarrekin laguntzera”.
Errepidea bezala, pareta luzea da eta dena egoera berean ez dagoela aitortu du Hondarribiko alkateak. Horregatik, lanak epeka egin daitezkeela uste du eta hori nola egin teknikoek esan beharko dutela: “Pareta oso luzea da eta dena ez dago egoera berean. Pusketa batzuk arrisku handiago dute eta beste batzuk gutxiago. Teknikariek esango digute epeka nola egin daitekeen eta zein puntutan hasi behar garen”.