Udalak garbiketa egin aurretik argazkiak ateratzeko gomendatu die denboraleak kaltetutakoei
Kalteen berri aseguruei emateko eta garbiketa egin aurretik argazkiak ateratzeko gomendatu die Pasaiako Udalak asteburuko itsas denboralean kaltetutakoei. San Pedron eta Donibanen izan dira kalteak, etxabe, taberna, jatetxe eta bestelako establezimenduetan. Hainbat auto ere kaltetu ditu denboraleak. Udaltzaingoa kalte horiek guztiak txosten batean biltzen diharduela jakinarazi du udalak, ezbeharren nondik norakoak azaldu eta aseguru etxeen eskakizunei aurre egiteko asmoz. Aipatu txostena eta beste zenbait informazio kaltetutako bizilagunen esku utziko dutela iragarri dute udaletik. Interesdunek Donibaneko Arizabaloko erregistro nagusian jaso ahal izango dute aipatu informazioa, asteazkenetik aurrera.
Hondakinak etzi bilduko dituzte
Donibanen itsasoak etxabeetan eragindako kalteen ondorioz sortutako hondakinak etzi jasoko dituztela iragarri dute, Bonantza pasealekuan eta Donibane kalean, altzariak jaso ohi dituzten eran.