Kai Zaharreko espigoiko petrila hautsi zuen itsasoak larunbat gauean
Kalte handiak eragin ditu asteburuko denboraleak Hondarribian, ez beste lekuetan bezain bestekoak, baina handiak. Farolako bidea erori da eta olatuek gogor astindu zuten Butroi pasealekuko murrua, Kai Zaharreko hondartzako petrila puskatzeraino. Larunbat gauean jo zuen gogorren baina atzo arratsaldean ere olatuek busti zuten Butroi pasealekua. Gaur, kalteak zenbatzeko eta garbiketarako unea da. Bitartean, larunbat eguerditik Jaizkibelen desagertuta dagoen bizilagunaren bila segitzen dute.
Farolako bidean eragindako kalteak dira larrienak. Euriaren eraginez errepidearen zabalera osoa hartzen duen zati bat jauzi da Ramon Iribarren pasealekuko etxebitzen atzeko aldera. Zaila izango da puskatutakoa konpontzea; gehiago erori ez dadin zer neurri hartu, hori da erakundeek orain duten premia. Noski, farolarako errepidea guztiz moztuta dago.
Olatuei dagokionez, Uxoa taberna parean petrila altxatu zuten eta Kai Zaharreko hondartzara jaisteko eskaileren ondokoa erabat puskatu. Ura tabernako terrazaraino ailegatu zen eta hondar asko eraman zuen berarekin. Igande goizean garbitzen ari ziren langileek azaldu zutenez “barrura ez zaigu sartu, terrazaraino bakarrik”. Butroi pasealekuko eremu askotan pilatu zen hondarra, baina etxebizitza eta tabernetan ez zuen kalterik eragin.
Erraz igo ziren olatuak pasealekura
Ingurura kalteak ikustera joandako batzuek gogoratzen zuten garai batean hondartzara iristeko hogei eskailera jaitsi behar zirela eta egun bost baino ez hondartzara iristeko. “Askoz beherago zegoen, eta hondarra kentzen ez den bitartean berriro gertatuko da”. Bentako aparkalekura ere erraz sartu zen ura, baina kalte handiegirik sortu gabe. Iazko udan draga ontzi bat izan zen inguruan lanean, baina Hondarribia eta Hendaia arteko ibilbidea egiten duen ontziak Bentaraino iristeko modua izateko behar zena baino ez zuen garbitu.
Hondartzan, hareatza osoa urez bete zen larunbat gauean. Hondartzako azpiegiturak babesteko hondarrezko murrua egina zuten eta, urak une batzuetan gainditu zuen arren, itsasoaren indarra baretzeko balio izan zuen. Garbiketa lanak egin beharko dituzte, baina ez dirudi gehiago beharko denik.
Aurreko astean bezala, asteburuan ere ur azpian geratu dira baratz asko. Aurreko astekoa lehortzeko modurik ez eta, Kostaz gaina, Amute eta Jaitzubiko baratz eremuetan ur asko pilatu da, baita aireportuko pistaren alboko zelaietan, baina pistan eragin gabe.