Itsas etorbidea izan da kaltetuena baina badiaren ikuspegia ikaragarria da
Denboraleak kalte oso handiak eragin ditu Hendaian. Itsas etorbidean, espigoian, dunetan, badian… Herriko Etxeak bizilagunen segurtasuna bermatzeko neurriak hartu ditu eta hasi dira garbitzen eta kalteak zenbatzen. Zenbait lekutan egun asko beharko dira gauzak bere onera itzultzeko.
Itsas etorbidean asko dira osatu beharko dituzten murruko zatiak eta kalte ugari izan dira hondartzako petril, eskailera, dutxa eta abarretan. Etorbideko eraikin modular berrietako bat txikitu zuten olatuek eta espigoia ere gogor astindu zuten.
Olatuek gogor astindu zuten espigoi aldea
Espigoiko bidea kaltetuta dago eta urarekin iritsitako harriz eta enborrez beteta, asko tamaina handikoak. Zokoburuko dunetan ez da aparteko kalterik antzematen, babestuta baitaude. Olatuek espigoitik erauzitako harriek hezi batzuk puskatu dituzte baina ez dirudi denboraleak dunetako habitata hondatu duenik. Hori bai, espigoiko bidea zein bertatik dunetara doan eremua garbitzeko lagun eta ordu asko beharko dira.
Badiaren ikuspegia negargarria da, itsasotik nahiz ibaitik iritsitako egurrek guztiz desagertarazi dute nautikoaren ondoko hondartza eta, itsas beherarekin, enbor eta adaxkez osatutako txapel batekin azaldu da badiako irla. Hamar metro luzerako enbor ugari iritsi dira ingurura. Nautikoko arranpan kalteak eragin ditu mareak eta itsas ontzi txiki bat eta bela ontzi bat lehorrera atera ditu urak. Marea jaitsi denean pertsona batzuk hurbildu dira bertara, baina nondik hasi jakitea ez zen erraza, eta mareen arteko denbora tartea laburregia zerbait jasotzeko.
Asteazkenean olatu handiak espero dira berriro. Nolanahi ere, Euskalmeten arabera ez da aurreikusten hainbesteko eraginik kostaldean, ez baita marea bizirik izango. Horren zain, udal langileak presaka ari dira itsas etorbideko murruan puskatutako zatiak kentzen.