Pixkanaka badoaz aurrera
San Juan galeoia eraikitzeko lanak. Bere eraikuntzarako erabiliko dituzten 200 enbor inguru, haritz enbor ikusgarriak guztiak, Zeraingo Zerralan zerrategian dituzte jada, eta hasi dira haietako batzuei forma ematen. Egurra San Pedroko ontziolaraino garraiatzea izango da hurrengo urratsa, ondoren eraikuntzari ekiteko. Bi asteko epean aurreikusi dute enborrak Pasaiara ekarri eta eraikuntzari ekitea.
San Juan galeoiaren erreplikaren eraikuntza izango da Donostia 2016 barruko proiektu garrantzitsuena. Albaolak kudeatuta, Euskal Herriko itsas ondarea ezagutzera emateko ez ezik, Pasaiako badia biziberritzeko erabili nahi da egitasmoa.
XVI. mendeko ontziolatan baleontziak eraikitzeko erabiltzen zituzten teknika berberak erabiliz berreraiki nahi dute San Juan galeoia San Pedron, Ondartxoko ontziolan. Luzeeran 24 metro izango ditu galeoiaren erreplikak, eta 7,5 zabaleran. Enbor okerrak ontziaren hezurdura eraikitzeko erabiliko dituzte eta zuzenak, berriz, ontzia bera estaltzeko. Baleontzia hutsik 200 tona inguruko pisua izango duela aurreikusi dute, eta 220 litroko 900 kupel garraiatzeko gaitasuna.
San Juan galeoia Euskal Herrian XVI. mendean eraikitako lehen baleontzi transatlantikoa izan zen. Kanadan urperatu zen eta hango arkeologoek topatu zuten, orain dela 30 urte.
‘San Juan’ baleontziarentzako hezurdura, Ondartxon