DBHko eskaintza publikoa aldarrikatu du Ezker Anitza-IUk Pasaiarako
16.000 biztanlerekin Pasaia DBHko zentro publikorik ez duen udalerri bakarra dela gogorarazi dio Ezker Anitza-IUk Eusko Jaurlaritzari. 2014-2016rako Hezkuntza Azpiegituren Plana ari da garatzen Eusko Jaurlaritza eta testuinguru horretan egin ditu aipatu adierazpenak Ezker Anitza-IUk. Hezkuntza kontseilari Cristina Uriarterekin Amaia Agirregabiria alkatea eta gainontzeko alderdietako ordezkariak bileran izan zirela gogoratu du Ezker Anitza-IUko ordezkari Xabier Pombok, eta oraindik ere kontseilariaren erantzunaren zain daudelako kexu agertu da. “Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da, gure haurrek beren formazioa herrian bukatzeko aukera izan dezaten”, adierazi du Pombok.