Portu Agintzaritzak bilerara deitu ditu Pasaiako Udalean ordezkaritza duten talde guztiak
Udala eta Portuaren arteko harremanak arautzeko akordioak zeresana ematen jarraitzen du. Portu Agintaritzak bilera batera deitu ditu Pasaiako Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, Portuaren jarrera zein den alderdi guztiei aurrez aurre azaldu eta akordioa izenpetzeko helburuz. Bilera asteazkenerako deitu dute.
Portua eta Udalaren arteko harremanak aspalditik dira korapilatsuak. Horiek bideratzeko asmoz, harremanetarako marko berria proposatu zuen urte bukaeran Udalak, eta plenoak berretsi egin zuen. Akordio horrek, baina, ez zuen lortu Portuaren babesa, Agintaritzaren arabera “adostu gabe” egin zelako “eta ez zuelako zerikusirik ordura arte Portuak Udalari helarazi zizkien proposamenekin”.
Edonola ere, “akordiorako borondatea” berretsi du Portuak, nahiz eta adostasuna lortzeko “helburuak zehaztea ezinbestekoa” iruditzen zaion. Hori dela eta asteazkeneko bileran hitzarmen zehatzak egitea proposatuko dutela iragarri dute, besteak beste, lonja, Euskadi Etorbidea, Ziriza edota toporako sarrerako lanei irtenbidea emateko.