IATko hainbat langile atzoko udalbatzarrean izan ziren
EH Bilduk emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan mozioa aurrera atera zen aho batez (EH Bildu eta EAJko zinegotzien botoekin; H1 ez zen plenora agertu) atzo ilunabarrean izandako urteko lehen udalbatzarrean. Emakumeak historian zehar pauso txikiak eta borrokaren bidez gauzak lortzen joan direla nabarmendu zuen Eider Mitxelena Berdintasun zinegotziak, eta orain lege horrekin “atzerako sekulako pausoa” ematen dela esan zuen.
Plenoan herriko mugimendu feministako kideak egon ziren eta mozioarekin bat egiten zutela adierazi zuen denen izenean Araitz Rodriguezek. Mozioaz gain, baina, gauza gehiago egin behar direla nabarmendu zuen eta udalari inplikazioa eskatu zion.
Atzo beste mozio bat ere jarri zuten mahai gainean, IATko langileek lan hitzarmenaren alde egiten ari diren grebaren ingurukoa, hain zuzen. Aldarrikapenarekin bat egin zuten zinegotzi guztiek. IATko langileak ere pleno aretora bertaratu ziren eta horietako batek bizi duten egoera gogora ekarri zuen.
Horrez gain, herriko hainbat elkarteen jardunerako ekarpenak onartu zituzten; hala nola, Soinuenea Fundazioarena, Luberrirena, Udal Ikastola Partzuergoarena eta Haurtzaro Ikastolarena.
Abenduko eta urtarrileko protokolo gastuak jakinarazi zituzten: 654 eta 194 euro bidaietan, plaketan, garaikurretan eta ikurretan.