Ekitaldien Batzordea bilduko da gaur Trintxerpen
Urte Zaharreko sutean kaltetutakoei laguntzeko sortutako Ekitaldien Batzordeak bilera du gaur, 19:00etatik aurrera, alkateordetzan. Orain arte azaleratu diren ekimenentzako datak zehaztea da bileraren asmoa, ondoren egutegi osoa zehaztu ahal izateko. Bien bitartean, datorren asteburuan ere, lagundu nahi dutenek, izango dute nora joan. Errenteriako Telleri ikastetxeak kontzertua antolatu du ostiralerako. Sarrerak ikastetxeko idazkaritzan eros daitezke, edota Errenteriako Morrongilleta kaleko kioskoan. Sarrerak borondatearen truk banatuko dituzte. Kontzertua 18:30ean hasi eta 20:30ean bukatuko dela iragarri dute antolatzaileek.
Bestetik, larunbatean, Karmengo Ama ikastetxeko ikasleen txanda izango da. Trintxerpeko herri eskolako ikasleek liburu eta ipuinen merkatu txikia antolatu dute, 11:00etatik 14:00etara, Trintxerpeko azokan. Etxetik ekarritako liburuak salneurri sinbolikoetan salduko dituzte eta bildutakoa kaltetuei emango diete. Azkenik, igandean, Hernaniko Paza berrian, txistorra jatea izango da, Hernaniko stop Desahucios-ek Trintxerpeko kaltetuen alde antolatuta. 11:00etatik 14:00etara izango da txistorra jatea.