Ainhoa Zabalo eta Eneko Lartige, gaurko agerraldian
2013ko maiatzean atez ate hondakinak biltzeko sistema abian jarri zenetik birziklatze tasa hirukoiztu egin da Lezon, %28tik %85ra igo da, udalak eman dituen datuen arabera. Horrek udalari 200.000 euroko aurrezkia ekarri diola gogorarazi du Ainhoa Zabalo alkateak, eta horregatik lezoarrei eskerrak eman dizkie: “Atez atekoak emaitza bikainak utzi dizkigu. Atez atekoaren arrakastaren gakoa herritarren jarrera eta inplikazioa izan da”.
Datuon berri emateko, eta Lezoko etxeetan atez atekoaren informazioarekin banatuko duten informazio orriaren berri emateko agerraldia egin du gaur goizean Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak, Eneko Lartige Ingurumen zinegotziarekin batera. Bertan alkateak esan du birziklatze datuak espero baino altuagoak izan direla, baina datu horiek “berretsi· egion behar direla uste du alkateak, “erronkari eutsi behar diozue lezoarrok, maiatzetik hona azaldu duzuen jarrerarekin eta prestutasunarekin jarraitzera animatzen zaituztet”.
Datuak
Birziklatzearen gorakadak udaleko kontuetara onurak ekarri dituela berretsi du alkateak, betiere laugarren edukiontziarekin alderaketa eginez: “Laugarren edukiontziaren sistemarekin alderatuta, 203.000 euroko aurrezkia lortu dugu. Urtero-urtero izango dugun aurrezkia da hori”. Eta aurrezki horren xehetasunak eman ditu alkateak, denak urtebetekoak: UTErekin zuten kontratuan 28.614 euro aurreztu ditu udalak (hondakinak jasotzen dituen enpresa da UTE); San Marko Mankomunitateari ordaintzen zaion kuotan 172.357koa, eta horrez gain, atez atekoarekin lortutako diru sarrerekin (paper, kartoi eta ontzien salmenta) urteko 62.731 euroko diru etekina aurreikusi du udalak (horri kendu behar zaio biohondakinek sortu duten gastua, 33.032 eurokoa urteko; hortaz, gaien salmentari biohondakinen gastua kenduta, aurrezkia 29.699 eurokoa da). Hortaz, aurrezki metatua 230.670 euroan jarri du udalak UTEren eta San Markoren aurrezpen, eta gaien salmentaren artean.
Atez atekoaren ezarpenaren gastuen berri ere eman ditu alkateak; horiek aurrezki metatuari kendu behar zaizkio atez atekoaren etekin garbia ateratzeko. Ezarpenaren gastuak, orotara, 306.000 eurokoak izan dira (kamioiaren erosketa, zintzilikarioak, ontziak, poltsak, larrialdi guneak eta bestelako gastuak daude horren barruan), baina gastu hori hamar urtean amortizatuko denez (27.529 euro urteko), atez atekoaren garbia 203.000 eurora iritsi da. Are gehiago, hasierako inbertsioa “bi urteren bueltan” amortizatuko dela ziurtatu du alkateak.
Datuen azalpenarekin bukatzeko, Zabalok nabarmendu du bi lanpostu berri sortu direla atez atekoarekin, “hori ere harro egoteko modukoa da”.