Marlaxkak lau garaipen lortu ditu xake ligako hirugarren jardunaldian
Hondarribia-Marlaxkako bost taldetatik lauk garaipenak erdietsi dituzte asteburuan, Gipuzkoako xale ligako hirugarren jardunaldian. Hirugarren mailan ari den Marlaxka D taldearena izan da porrot bakarra. Gainontzeko taldeek garaipenak lortu dituzte.
Ohorezko eta Lehen Mailako taldeek emaitza bera lortu dute (2,5-1,5) eta euren multzoteko goiko aldean segitzeko balio izan die horrek.
Marlaxka A hirugarren dago, 7,5 punturekin. Anaitasuna Kakute A da liderra, 9 punturekin, eta datorren larunbatean euren arteko borroka izango da Kasino Zaharrean. Hondarribiarrek 3-1 irabazi beharko lukete aurretik jartzeko, baina zaila izango da; orain arte ez dute hain emaitza argirik lortu eta ez da erraza izango hain justu liderraren kontra gauzatzea. Lidergoan aldaketa izanez gero, baliteke hirugarren bat izatea onuraduna, bigarren postuan dagoen Iriondok jardunaldi erosoagoa duela dirudi-eta.
Hirugarren ere dago Marlaxka B Lehen Mailan, baina 6,5 punturekin, lehenetik 3,5 puntura. Bigarren Mailako taldea bosgarren tokian dago eta, Hirugarren Mailakoak, hirugarren —Marlaxka E— eta azken tokian —D taldea—.