Hondartzan berriro jokatzeak on egin dio Hondarribia taldeari
Ohorezko Mailan jokatzen duen Hondarribia futbol taldeak 3-1 irabazi zuen larunbatean Beti Gazteren kontra, eta azarotik irabazi gabeko bolada txarra eten du. Behera begiratzen hasia zegoen taldea baina garaipenak arnasaldia eman die berdeei. Hondartza futbol zelaian berriro jokatzeak on egin die hondarribiarrei.
Mikel Llorente entrenatzailearen ustez, taldeak egindako lanaren fruitua izan zen garaipena. Gainera, bolada txarraren ostean horrelako zerbait behar zutela onartu du: “Nire ustez taldeak partida sendoa egin zuen eta garaipena merezitakoa izan zen. Garaipena garrantzitsua izan zen generaman dinamika txarra aldatzeko, taldeak berriz ere bere nortasuna erakutsi zuen. Nortasun hori galtzen dugunean, zailtasun handiak ditugu puntuak lortzeko”.
Gabonetako oporraldiagatik eta duela bi aste euriagatik bertan behera geratutako partidagatik denbora asko zeraman Hondarribiak Hondartzan jokatu gabe, “hilabete eta erdi etxean partidurik jokatu gabe eta hori sumatu dugu, etxean gusturago sentitzen baikara”.
Beti Gazteren aurka lortutako hiru puntuei esker 25 pilatu ditu Hondarribiak, hamabigarren tokitik zortzigarreneraino egin du jauzi, eta oraindik Aurreraren kontra atzeratutako partida jokatzeke du —hiru puntu horiek lortuta laugarren jarriko litzateke, Aurrerarekin eta Ostadarrarekin berdinduta—.
Datorren asteburuan derbia
Heldu den asteburuan sailkapeneko eremu berean dagoen talde baten kontra jokatuko dute, kanpoan baina etxetik gertu, Irunen. Real Union Bk ere 25 puntu ditu eta partida bat gutxiago, asteburu honetan Hernanin jokatu behar zutena bertan behera gelditu zelako.