Azken sei partidak irabazita, gora begira jarri da La Bacaladera
Ozta-ozta baina garaipen garrantzitsua lortu zuen larunbatean La Bacaladera Hondarribiak Lau Bide Jatetxearen kontra (23-24), eta eskubaloiko Euskal Ligako bigarren postua sendotu du, hirugarren postuan zeuden bi taldeek galdu zutelako. Lider Usurbilek ez zuen hutsik egin eta bost puntuko aldea ateratzen dizkio Hondarribiko taldeari.
Legazpin lortutako garaipenari esker hirugarren tokian dauden taldeekin tarte polita ireki dute hondarribiarrek. Soralucek azken hiru partidak galdu ditu —azkena Corazonistasekin— eta, bigarren egotetik, bigarrena lau puntura edukitzera pasatu da. Soraluzearrek hemeretzi puntu dituzte, eta dagoeneko Erandiok eta Txiki-Politek harrapatu dituzte. Erandiok galdu egin zuen liderrarekin eta zarauztarrek Ereintzari irabazi zioten.
Gauzak horrela, hurrengo igandean Hondartzan jokatuko den partidak bere biziko garrantzia izango du. La Bacaladerak Soraluce izango du aurkari. Garaipena etxean geratuz gero, bi taldeen artean sei puntuko tartea irekiko litzateke eta Javi de la Hazaren mutilek aurkari bat gutxiago izango lukete igoera fasea jokatzeko aukera ematen duten bi postuetan geratzeko lehian.
Etxeko hurrengo lau partidetan, lau aurkari zuzenen kontra jokatuko dute hondarribiarrek. Orain arte Hondartzako partida guztiak irabazi dituzte baina zail izango dute hori eustea, besteak beste, Usurbil liderra etorriko delako bisitan, martxoaren 9an.