Otsailaren 3tik 9ra izango da Gure Esku Dagok antolatutako Eskutik Eskura ekimena, Errenteria-Oreretan. Hilaren 8an, larunbatarekin, giza katea egingo dute.

Gure Esku Dago, Errenteria-Oreretan
Eskutik Eskura dinamika otsailean iritsiko da Oarsoaldera: otsailaren 3tik 9ra erabakitzeko eskubidearen aldeko hainbat ekintza egingo dituzte Errenteria-Oreretan, Gure Esku Dago mugimenduak antolatuta.
Ekintzarik garrantzitsuena larunbatean (otsailak 8) egingo duten giza katea izango da. Ekaineko giza katerako motorrak berotzen hasiko dira, kasu honetan, formatu txikian: Biteri tabernatik Merkatuzarrera egingo dute kate hori. Egun horretarako bazkari eta kontzertuak ere iragarri dituzte. (Egitaraua behean)
Joan den larunbatean aurkeztu zuten dinamika, eta 90 lagunek erabakitzeko eskubideari babesa eman zioten. Datozen hilabeteetan zenbaki hori puzten joan nahi dute, eta ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean egingo den giza katean eskualdetik 1.600 lagunek parte hartzea dute helburu.
Zentzu horretan, bihar, ostirala, bulego bat irekiko dute Foru plazan giza kateari buruzko informazioa eman, eta hala nola, giza katerako metroa erreserbatzeko. Bihar, 11:30etik 20:30era egongo da irekita, baina datorren astetik aurrera, astelehenetik ostiralera egongo da irekita 18:00etatik 20:00etara.
[box]
Egitaraua
Otsailak 3, astelehena
- 19:00: Gure Esku Dagoren erakusketa, Xenpelar kalean.
Otsailak 4, asteartea
- Egunean zehar: Santa Ageda bezperako koplak kantatuko dituzte.
Otsailak 5, asteazkena
- 18:30: Gazta zati bat dokumentala, Angel Oiarbide eta Jon Maiarekin, Niessen aretoan.
Otsailak 6, osteguna
- Arratsaldean: Pintxo poteo musikatua.
- 23:00: Xabi Solano eta DZ, De Cyne Reyna tabernan.
Otsailak 7, ostirala
- 18:30: Eskuetan flashmoba Porrotx eta Oliverren (Eureka) eskutik, Koldo Mitxelena plazan.
Otsailak 8, larunbata
- 13:30: Giza katea, Biteri tabernatik Merkatuzarrera.
- 14:00: Bazkaria, Merkatuzarren.
- 18:00: Kontzertuak, Zumardian.
- 22:00: Kontzertuak, Niessen aretoan.
Otsailak 9, igandea
- 12:00: Muxikoak, Herriko Plazan
[/box]