Bixintxo Besten bigarren asteburuari ekingo diote bihar hendaiarrek. Lehena jaien hasierarena eta danborradena izan bazen ere, bigarrenean euskal kirolak, gastronomia eta musika izango dira nagusi. Hala, aipatzekoa da bihar pilotari profesionalen lehiak izango direla Daniel Ugarte pilotalekuan, Aspe Pelota enpresak eta Endaiarrak taldeak antolatua. Ondokoa da datozen egunetako egitaraua:
Bihar (ostirala)
- 20:00etan, profesionalen pilota partidak Daniel Ugarte pilotalekuan. Lehen partida Bigarren Mailako pilotariena da, eta bigarrena, binaka, Lehen Mailakoena: Ezkurdia eta Zabaleta, Xala eta Zubietaren kontra.
Etzi (larunbata)
- 15:00etatik aurrera, herri kirolak Daniel Ugarte pilotalekuan: Euskadiko Ingude Altxatze txapelketa egingo dute; Larramako Ipar Euskal Herriko aizkolarien errebantxa; desafioa arpana mixtoan Sebastien Martikorena eta Jimmy Orsztynowiczekin; Ziburuko harrijasotzaile gazte Nicolas Nerouren aurkezpena; Joseba Ostolazaren erakustaldia, Hendaiako 180 kiloko harri baldara altxatzeko saiakeran; Anje Arbenoitz 5 metroko altueran enborra ebakitzen saiatuko da.
- 15:00etan, Hendaitz Gazte Asanbladak antolatua, Pellot-en Altxorraren Bila ekimena Txingudiko badian.
- 17:30ean, mus txapelketa Merkatu Zaharrean.
Igandea
- 09:30ean, Sukalki Txapelketa abiatuko da Merkatu Zaharrean.
- 10:00etan, txistularien alardea hiri barnetik.
- 10:30ean, meza Bixintxo elizan.
- 11:30ean, Mutxikoak eta fandango lehiaketa Errepublika plazan.
- 12:30ean, Sukalki Txapelketaren bukaera eta dastaketa epaimahaikideen eskutik.
- 13:30ean, sukalki herri bazkaria, Josenri taldeak alaituta, Merkatu Zaharrean.