
Oinatz Mitxelena, atzo, Ficobako aparkalekuan
Ficobako aparkalekuak herritarrek doan erabiltzeko aukera izango dutelako pozik agertu da Irungo EH Bildu, “aparkalekuen kudeaketa zuzena hirian posible dela erakusten du horrek”, Oinatz Mitxelena koalizioaren udal taldearen eledunaren arabera. Hilabete askoko lana izan dela ziurtatu du Mitxelenak, eta horren harira Ficobako zuzendaritzak egindako lana eskertu du, “bide horretan gure babesa zuten Ficobaren kudeatzaileek. Hirirako oso onuragarria izango da erabakia, ziur gaude”. Horrela, hiriko aparkalekuen kudeaketa zuzenaren aldeko apustua egiten du EH Bilduk, kasu honetan Ficobaren partetik, eta hiriko beste aparkalekuetan udalaren partetik, bitarteko enpresarik gabe, “Pinarren, San Juanen edo Pio XIIen, esaterako”.
Iritzi horren berri atzo eman zuen EH Bilduk Ficoban bertan. Baina neurri gehiago har daitezkeela uste du EH Bilduk. Eta zentzu horretan Mugikortasun Mahaien eztabaida eman dadila eskatu du koalizioak, “eztabaida zabala, orokorra. Oraindik eztabaida hori ez da egin, baina guretzat hori egitea garrantzitsua da. Hiritarren arazorik handienetakoa da aparkalekuena”.
Aparkalekuetan eragiteko beste neurri bezala, mugaz gaindiko autobus geltokiaren aldeko apustua berretsi egin zuen Mitxelenak. Legealdi hasieratik egindako eskaera dela baieztatu zuen politikariak, eta jada horren gaineko txostena dutela, “baina frantsesez bakarrik, Itzulpenaren zain gaude. Baina pentsatzen dugu beharrezkoa dela garraiobide publikoa Hendaia eta Irun lotzeko, Ficobaren geltokia eginez”.