Real Unioneko lehen taldeko langileek euren egoera "onartezina" salatu dute
Real Union futbol elkarteko lehen taldeko langileek euren egoera “onartezina” dela jakinarazi dute, eta hori elkartearen “masa sozialak eta akziodunek” zein den jakin dezaten agerraldia egin zuten atzo: “Real Union Club une kritikoa bizitzen ari da. Hirugarren denboraldiz jarraian Administrazio Kontseilua ez da betetzen ari kontratuak, eta urriko, azaroko eta abenduko soldatak ez dizkigute eman, eta aurretik zor diguten dirua emateko konpromisoa ez dute bete”.
Sasoi honen hasieran Administrazio Kontseiluak langileei esan zien (entrenatzaileak, medikuak, fisioterapeutak…) zor horiek kitatuko zituela taldeak, “eta Administrazio Kontseiluarekin izan ditugun bestelako bileretan ere berehalako soluzioak izango zirela esan ziguten. Baina ez soluzioak ez dira iristen. Pazientzia bukatzen ari zaigu”.
Alta, “taldearen onerako eta erakundeak, afizioak eta jokalariek errespetua merezi dutelako”, lanean jarraituko dutela jakinarazi dute langileek, “baina protesta modura neurriak hartzea ez dugu baztertzen”. Eta Administrazio Kontseilua berritzeko hauteskundeak hurbil direla baliatuz futbol elkartearen alde guztiei nahiz Irungo eragileei eskatu diete taldearekiko “arduraz” jokatzeko.
Hori guztia salatzeko agiria irakurri zuten langileek atzoko agerraldian. Honakoak dira agiria sinatu zuten Real Unioneko kideak: Iñaki Berruet Kirol zuzendaria, Sergio Francisco entrenatzailea, Ricardo Costa atezainen prestatzailea, Nestor Orozko prestatzaile fisikoa. Ricardo Jimenez medikua, Iker Lapresa fisioterapeuta, Patxi Farea Fisioterapeuta, Paco Indias material arduraduna.