Irungo Aduana kaleko kutsadura neurtzeko instalazioa kendu dute
Irungo Udalak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak Aduana kalean zuen airearen kutsadura neurtzeko instalazioa kenduko duela. Eta horren irakurketa egin du Miguel Angel Paez udaleko Ingurumen zinegotziak: “Jaurlaritzak bere ardurei muzin egiten die, eta Irun ingurumen arloko funtsezko instalazio bat gabe utziko du. Ez dugu inolaz ere erabakia ulertzen”.
Udalak esan du abenduan jakinarazi ziola Jaurlaritzak neurgailu hori kentzeko erabakia, airearen kalitatea neurtzeko sisteman egingo dituen aldaketa batzuen harira. Hala, Oarsoaldean eta Bidasoan gisa horretako bi neurgailu bakarrik izango direla jakinarazi du Paezek, bat Lezon eta bestea Jaizkibelen. Hori gutxiegi da Paezen ustez: “Gipuzkoako biztanleria handienetakoa duten zonaldeak dira Oarsoaldea eta Bidasoa, eta geldituko diren bi instalazio horiek oso mugatuak dira”.