Lehen itzulian ez bezala, atzo Urduliz baino gehiago izan zen La Bacaladera
Garaipen batekin hasi du bigarren itzulia La Bacaladera Hondarribia eskubaloi taldeak, Urdulizen kontra (29-25), eta Euskal Ligako bigarren postuan geratu da bakarrik, Soralucek bigarren astean jarraian galdu duelako.
Lehen itzulia baino hobeto hasi du La Bacaladerak bigarrena, orain arte galdutako bi partidetako bat lehen jardunaldian galdu baitzuen, Urdulizen.
Atzo Viki de la Hazaren mutilek fisikoan oinarritu zuten garaipena. Partida atzetik hasi zuten, baina defentsako lana egonkortu zutenean bizkaitarrek zailtasun handiak izan zituzten gola sartzeko eta defentsako lan hori baliatu zuten hondarribiarrek kontraerasora jo eta aurkariaren harresia menderatzeko. Eta etxekoen atezaina bikain, beste behin ere; zerbaitegatik da gol gutxien jasotzen dituen taldea, defentsako lanagatik eta atezainaren dohainengatik.
Bigarren itzulia egoera bikainean hasi du La Bacaladerak, bigarren tokian eta egitegia aldeko. Izan ere, multzoko talde indartsuenek Hondartzan jokatu beharko dute. Usurbilek segitzen du lider, sendo gainera, eta bost puntu ateratzen dizkio La Bacaladerari. Baina bigarren itzuli ia osoa geratzen da eta Usurbilgoek Hondartzan jokatu behar dute eta oraindik ez da 2013-2014 denboraldian Hondarribian puntuatzea lortu duen talderik.
Euskal Ligako Sailkapena (lehen zortzi postuak)
- Ucin Aluminio Usurbil. 26 puntu
- La Bacaladera Hondarribia. 21 puntu
- Soraluce BKE. 19 puntu
- SP Erandio. 19 puntu
- Amenabar ZKE. 17 puntu
- Gure Auzune. 14 puntu (partida bat gutxiago)
- Urduliz. 14 puntu
- Corazonistas. 14 puntu