Lehen taldeak liderrarekin galdu, bigarrenak berriro irabazi
Lider Beriorekin galdu zuen larunbatean futboleko Ohorezko Mailako Hondarribiak (5-0) eta bolada txarrarekin segitzen du. Neskek emaitza beragatik galdu zuten Errenterian, Toringen kontra. Lehen Erregionaleko taldeak, aldiz, Mutrikun 0-1 irabazi eta dagoeneko bederatzi puntu pilatu ditu igoera faseko lehen hiru partidetan.
Lehen taldeak larunbatean galdu zuen Donostian Berioren kontra, baina hori ez da albiste, azaroaren 3an galdu baitzuten donostiarrek azken partida. Hori bai, hainbeste gol jasotzen ez dago ohituta Mikel Llorenteren taldea eta ez zaie lagungarri izango taldea sartuta dagoen zurrunbilotik ateratzeko. Azken garaipena Tolosan lortu zuten berdeek, azaroaren 24an. Azken sei partidetan berdindu edo galdu dute eta sailkapeneko hamaikagarren posturaino jaitsi dira.
Heldu den asteburuan aurkari zuzen batekin jokatuko du Hondarribiak etxean, Beti Gazterekin, eta partida horretan eta Aurrerarekin atzeratuta duten partidan puntuak pilatuz gero berriro jarriko dira gora begira.
Hirutik hiru
Lehen Erregionalekoa da azken boladan hoberen dagoen Hondarribia Futbol Elkarteko taldea, eta une ezinhobean hartu du norabide hori. Izan ere, Preferentera igotzeko fasean murgilduta dago eta fase horretako lehen hiru partidak irabazi ditu. Azkena, Mutrikun irabazi dute (1-2), lehen fasean bere multzoko lehena izan zen taldearen etxean.
Bederatzi punturekin lidergoan sendotu dira hondarribiarrak. Beasaineri hiru puntu ateratzen dizkiote eta bost puntu, atzetik datorren boskote bati. Datorren asteburuan aukera ona dute tarteari eusteko, garaipen bakarrarekin dagoen Roteta izango baitute Hondartzan bisitari. Beasainek, aldiz, hirugarrenarekin jokatuko du.
Neskek postu bat behera
Emakumeen taldeak 5-0 galdu zuen Touringen kontra eta postu bat galdu dute ligako azken jardunaldian, Ostadarrek bere partida irabazi zuelako. Multzoko azken bigarren geratu dira, 12 punturekin, lasartearrek baino bat gutxiago. Multzoa ixten duen taldeak, Usurbilek, jokatutako partida guztiak galdu ditu. Lezoko Allerru geratu da multzoko lehen postuan, Intxaurdiren aurretik. Beste multzoan Zumaiako izan da nagusi.