Aurpegi ezagun asko bildu da gaur eguerdian Errenteria-Oreretako Xenpelar etxean, Gure Esku Dago dinamika taldeak deituta, erabakitzeko eskubideari babesa publikoki agertzeko. Atxikimendua agertu dutenen artean zeuden, besteak beste, Txomin Perurena, Jesus Mari Zamora, Jose Luis Erkizia “Baserri”, Ainara Lasa, Luis Mari Ezeiza, Ritxar Maritxalar, Mikel Markez, Jone Arruti, Xabier Obeso, Iñaki Sors, Kukaiko dantzariak…
Ekitaldian bideo bat erakutsi dute, Gure Esku Dago dinamika herritarraren nondik norakoak azaltzeko. Jendartea erabakitzeko eskubidearen alde sentsibilizatu eta aktibatu nahi dutela azaldu dute, beti ere, dibertsitatea eta pluraltasuna kontuan hartuta, eta genero eta adina aniztasuna zainduz. Bide batez, Gure Esku Dago dinamikak deituta ekainaren 8an Durangotik Iruñeara egingo den giza katearen berri eman dute. 50.000 lagun bildu nahi dituzte ibilbideak dituen 123 kilometrotan.
Ondoren, aurkezle lanetan aritu diren Garazi Urdanpilletak, Anetz Etxeberriak eta Josu Mitxelenak hartu dute hitza, eta besteren artean, Errenteria-Oreretan otsailaren 3tik 9ra
Eskutik Eskura izenarekin antolatuko duten aste osoko egitarauaren berri eman dute. Egitaraua oraindik osatzen ari direla esan dute, eta aurrerago berri zehatzago zabalduko dutela iragarri.
Ondoren, Kirmen Uribek idatzi eta hainbat musikari ezagunek konposatutako kanta entzungai zela, Gure Esku Dago dinamikaren manifestua sinatzeari ekin diote Xenpelar etxean bildutako guztiek eta jarraian Herriko Plazara irten dira familia argazkia egitera. Elkarteek eskainitako hamaiketakoarekin amatu dute gaurko ekitaldia, Xenpelar etxean.
Gure Esku Dago, Errenteria-Oreretan