Urdanibia plaza berriaren muntaia
Urdanibia plazan hasi diren lanak direla eta, EH Bilduk lanen gaineko informazioa “ukatu” dietela salatu du. Koalizioaren arabera, oso zaila egin zaio obren prozedura zein den goitik behera ezagutzea: “Enpresak aurkeztutako proposamena behin eta berriro eskatu badugu ere ukatu egin digute. Informazio objektiboa eskatzen dugu, baina Udal Gobernuaren interpretazioan oinarritutako euskarriak besterik ez zaizkigu eman”.
Zentzu horretan, lan politikoa gauzatzeko “trabak eta mugak” jarri dizkietela iritzi dio EH Bilduk, eta era berean, egoera horrek “ekarpenak proposamenak edo alternatibak mahai gainean jartzea ezinezko egiten duela kritikatu .
Kezka, taberna eta komertzioetan
Obrak eta bere iraupenak taberna eta komertzioengan “kezka handia” sortu duela jakinarazi du, horietan eduki dezakeen ondorioa “larria” dela iritzita: “Urte luzeetan zehar bertan kokatua egon den larunbateroko azoka ateratzea, urtean zehar bertan ospatzen diren, hainbat jai eta ekimenekin zer gertatuko den ez jakiteak, hainbat galdera erantzunik gabe egoteak, areagotu egiten dute auzotarren ezinegona”.
Horrenbestez, auzotar, merkatari, tabernari eta bertan bizi direnen arteko elkarlana ahalbidetzeko “urratsak” egiteko eskatu dio udal gobernu taldeari, eta EH Bildu horretarako prest agertu da.
Eskaerak
Era berean, hainbat eskaera egin ditu: azoka ahalik eta bizkorren eremu horretara itzultzea, komertzio eta tabernei laguntzak eskaintzea, eta auzotar, merkatari, tabernari eta bertan bizitza egiten dutenentzat informazio gune iraunkor bat jartzea.