"Gobernu Taldearen irizpidea zorpetze maila amortizazio maila baino baxuagoa izatea da"
Oposizioko alderdiek egindako adierazpenen aurrean, udal gobernu taldeak gezurtatu du 2014ko aurrekontuek udalaren zorra %16 gehitzen dutela. Zentzu horretan, udalaren irizpidea bestelakoa dela esan du Jon Txasko Ogasun ordezkariak: “Zorpetze maila, amortizazio maila baino baxuagoa izatea”.
Zentzu horretan, 2011, 2012, 2013 eta 2014. urteetan ia 17.900 milioi euro itzuli dituela adierazi du. Aitzitik, mailegu bidez izandako zorpetzea 8,1 milioi euro pasatxokoa dela adierazi du, “eta gainera, mailegu horietako batzuk oraindik ez dira erabili”.
Laburbilduz, 1999. urtetik kontatzen hasita, udalaren zor bizia 16.280 milioi eurokoa dela esan du, eta %39,5eko zorpetze portzentajea duela. Legeak %90ekoa onartzen duela gogorarazi du Txaskok. 2007an kopuru hori handiagoa zela esan du, 28.220 milioi euro (%59,9).
“Zorra txikitzen ari gara, baina krisi gogorreko garai hauetan zama astunegia da”. Zorpetzea beharrezkotzat jo du ere Txaskok “herritarrek dituzten premiei erantzuteko, zerbitzuen maila egokia mantentzeko eta hainbat azpiegitura sustatzeko”.