Komunikazio arazo larriak dituzten pertsonentzat egokitutako The Grid 2 sofwarea aurkeztu du gaur Aspacek Irungo egoitzan. Aurkezpenean esan dutenez, tresnaren aplikazioa “mugarria” izango da garun paralisia duten pertsonentzat, beren “komunikazioa erraztu eta ekintzetan parte hartzeko eta elkar eragiteko ahalmena areagotu egingo baitu”.
Sistema informatiko berria Aspace Gipuzkoak landu du, EKIPO 2.0 Adap-Meeting proiektua izenarekin eta ASPACENTE #III. Lehiaketa irabazi du. Proiektu honen funtsa 240 pertsonentzat komunikazio eta parte hartze sistema iraunkor baten garapena eta sustapena bermatzea da. Horretarako 8.000 euro eskuratu ditu Gipuzkoako Aspacek, lehiaketa finantzatzen duen Vodafon fundazioaren bitartez, eta diru laguntza horri esker, ukimen pantailako zazpi ekipo, The Grid 2 sofwarea, lau tablet eta The Grid 2 programa erabiltzen ikasteko formazioa.
Bitartekaririk gabe hitz egiteko aukera
Gipuzkoan garun paralisia duten lau lagunekin ari dira sistema probatzen. Beren gurpildun aulkira lotutako tablet baten bidez, eta oraingoz, hizkuntzan adituak diren teknikoen laguntzaz, sistema erabiltzen ikasten diharduten lagunek beren kabuz komunikatzeko aukera izango dute, zeinu edo hizkuntza digitalaren bidez.
Orain arte, bitartekari baten bidez komunikatu ohi dira garun paralisia duten lagunek. Beren zaintzaile eta ingurukoek egin ohi dute bitartekari lana, baina, aurrerantzean lehen pertsonan hitz egiteko aukera izango dute, eta horrek bere autonomia maila ikaragarri handituko du. Izan ere, sistemak aldez aurretik moldatutako esaldien bidez komunikatzeko aukera ematen die erabiltzaileei, baina baita unean uneko beharren arabera esan nahi dutena idatzi eta komunikatzeko.
Jendarteak pertsona hauek hobeto ulertzen dituen heinean, beren normalizazioa eta bizitza kalitatea handituko dela sinetsita daude Aspaceko arduradunek. Zentzu horretan, teknologia berriak, urritasunak dituzten pertsonentzat “ezinbestekoak” bihurtuko direla esan dute.
Zentroen arteko komunikazioa erraztu
Lan taldea oso garrantzitsua da Aspacen, eta horregatik, proiektu honek, garun paralisia duten pertsonei laguntzeko ez ezik, Gipuzkoak Aspacek dituen zortzi zentroan arteko komunikazioa errazteko baliagarria ere izango da. Koordinazio bilerak, bideokonferentzien bidez egiteko aukera izango dute aurrerantzean, Aspace Gipuzkoa osatzen duten giza talde osoaren partaidetza bultzatuz, elkartea osatzen duten kide guztien inplikazioa bultzatuz.
Nerea Rios, aurkezpenean, tableta erabiltzen