Oarsoaldeko lau alkateek agerraldia egin dute gaur goizean, Oiartzunen
Oiartzun, Pasaia, Errenteria-Orereta eta Lezoko alkateek Espainiako bandera udaletxeetan jartzera behartzen duen legearen kontra agerraldi bateratua egin dute. “Eraso honi herri moduan erantzungo diogu, egunerokoan lanean, esparru desberdinetatik Euskal Herria eraikitzen”, nabarmendu dute.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herri askotako udaletxeetara iritsi da Espainiako bandera jartzearen agindua Espainiako gobernuaren aldetik eta herri horien artean daude Oarsoaldeko laurak. “Ez gara menderatzen utziko eta gurea defendatzen jarraituko dugu, hori baita herri bat bizirik dagoenaren seinale”, esan dute.
Espainiako gobernuak “kontraesanak eta liskarrak sortu nahi” dituela salatu dute: “Eta jakin behar dute burua hotz dugula eta eraso hauen bidez gure askatasun nahia indartzen dutela. Gure proiektu politikoak Euskal Herria du izena, eta horixe izango da gure izana”.
Herriz herriko egoera
Oiartzungo Udalak urtarrilaren 25a du bandera jartzeko azken eguna. Gipuzkoako eta Euskadiko Auzitegiek arrazoia eman diote Espainiako Estatuko abokatuari eta Espainiako Gobernuko ordezkariari, eta ez ditu onartu Oiartzungo Udalak jarritako errekurtsoak. Ikurrinaren Aldeko Herri Ekimenarekin elkarlanean aritu da Udala Espainiako banderaren harira. Herritarrekin elkarlan hau ezinbestekoa izan da Oiartzunen gaia lantzeko eta haustura soziala saihesteko.
Lezori dagokionez, Euskadiko Epaitegi Nagusiak Espainiako estatuko abokatuari eman dio arrazoi eta ez du onartu Lezoko Udalak jarritako errekurtsoa, Espainiako bandera jartzearen kontra. Aurretik, Gipuzkoako Epaitegi Probintzialak ere ez zuen onartu Lezoko Udalaren helegitea. Orain, errekurtsoa erantzun du Bilboko auzitegiak. Jakinarazpen ofiziala oraindik ez da iritsi Lezora, baina edozein egunetan iritsiko da. Egun horretatik aurrera, gehienez bi hilabeteko epea izango du Lezoko Udalak bandera udaletxean jartzeko. Udalak herri batzarrak egin ditu dagoeneko Lezon gaia lantzeko eta herritarrez osatutako lantalde bat ere martxan jarri da, gaiaren inguruko lanketa egiteko. Udala eta lantalde honen arteko harremana etengabea izango da, elkarlanean aritzeko.
Pasaiako Udalak Espainiako Gobernu ordezkariaren agindua ere jaso du, udaletxean Espainiako bandera jartzeko eskaerarekin. Udalak errekurtsoa jarri zuen Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean, eta errekerimentuaren formazko akats bat medio, arrazoia eman zio Udalari auzitegiak. Ordutik, berriz jaso du Pasaiako Udalak bandera jartzeko agindu gutuna.
Errenteriako Udala izan zen eskualdeko azkenekoa Espainiako Gobernuko ordezkariaren gutuna jasotzen, Espainiako bandera jartzera behartzen zuena. Gipuzkoako Auzitegi Probintzialean errekurritu zuen Udalak eta formazko akats batengatik, Errenteriako Udalak irabazi zuen. Estatuko ordezkariak helegitea jarri zuen sententziaren kontra eta orain, Euskadiko Epaitegi Nagusiak gaiaren inguruan erabaki behar du. Dagoeneko eguna jarrita dago bozketarako.