Irungo EAJren arabera, Urdanibia plaza biziberritzeko lanak Alde Zahar osoa suspertzeko baliatu behar dira, eta plazaz gain, inguruko kaleetan mugikortasunari lotutako neurriak hartu behar direla uste du. Plazako lanak “beharrezkoak” direla uste du Xabier Iridoy EAJren udal taldearen eledunak, “egoera dekadentean aurkitzen zen”, baina nabarmendu du Alde Zaharrerako ere baliagarri izan behar direla, “gune enblematikoa” dela uste duelako.
Horren harira, Urdanibia eta Gain Gainean plazak Larretxipi kalearen bitartez —”oinezkoentzako ardatz berriarekin”— lotzeko proposamena berriz ere mahaiaren gainean jarri du EAJk, joian den ekaineko Mugikortasun Mahaian egin bezala. Horrez gain, Jesus kalean egingo duten igogailuak bi plaza horien arteko lotura hobetuko duela esan du Iridoyk, “Larreaundi, Elitxu, San Juan plaza eta Alde Zaharraren arteko irisgarritasunean hobekuntza” ekarriz.
Lanak bukatzerakoan, aparkalekuetarako neurriak
Bestalde, Urdanibiako lanak bitartean —14 hilabete iraungo dute—, bertako egoiliarren San Juan plazako aparkalekuan utzi ahal izango dituzte autoak (80 bat aparkaleku galduko dira lanengatik). Baina lanak egindakoan aparkaleku gutxiago izango dira inguru horretan, eta bertako egoiliarrentzako gune zuriak ezartzea proposatu dute jeltzaleek.