Aroia Makuso (ezkerrean) Cristina Segura mezzosopranoarekin.
Aroia Makuso eta Cristina Segura mezzosopranoaren kontzertua izango da larunbat honetan (hilak 18) udaletxeko areto nagusian 19:30ean. Makuso (Oiartzun, 1984) Parisen bizi da gaur egun, Cachan et Fresnesko Conservatoire a Rayonnement Departamentaleko piano laguntzailea da. Genevako Haute Ecole de Musiquen piano laguntzaile postgraduatu ikasketak bukatzen ari da ere.
Zer eskainiko diezue publikoari larunbatean?
Kontzertuak bi zati ezberdin izango ditu. Lehenengoa lied (abesti) alemanari eskainiko diogu Brahms eta Mahlerren ahots eta pianorako melodiekin. Bigarrena, berriz, espainiar eta euskal musikarekin osatuko dugu: Fallaren pianorako lau espainiar pieza (
aragonesa,
cubana,
montañesa eta
andaluza), ahots eta pianorako Fallaren hiru abesti (
paño moruno,
asturiana eta
nana), Granadosen
Tonadillas zikloko lau abesti eta bukatzeko euskal musika klasikoa: pianorako Aita Donostiren
Oñazez eta Tomas Garbizuren
Ezpata Dantza eta ahots eta pianorako
Aurtxoa Seaskan bukatzeko.
Nola izan duzue elkarrekin emanaldia emateko aukera?
Cristina eta biok ia 2 urte daramatzagu elkarrekin lanean. Emanaldi ezberdinak emateko aukera izan dugu, batez ere Ginebran. Pasa den urrian Oiartzun Irratian egin zidaten elkarrizketan ia Oiartzunen berriz jotzea gustatuko litzaidakeen galdetu zidaten eta baietz erantzun nuen. Asierrek (Legorburu, Oiartzungo Udaleko Kultura zinegotzia) ez zuen gehiegi itxoin nahi nuenean esateko!! Eta lehengo urtean biolontxelo eta pianorako kontzertua eman genuenez, oraingoan bikotez aldatzea erabaki nuen, Oiartzungo publikoak kontzertu ezberdinak ikusi eta entzuteko aukera izan dezan.
Etxean emango duzu kontzertua. Berezia izango al da emanaldi hau zuretzat?
Beti da berezia etxean kontzertua ematea lagun eta familiaz inguratuta. Oso oroitzapen ona dut martxoko kontzertuaz eta errepikatzea gustatuko litzaidake
Hurrengo emanaldien geltokiak non dituzu?
Otsailean zehar hainbat kontzertu dauzkat Ginebran: lehenengoa, nazismo garaian konposatutako eta erregimenaren aldeko ez ziren hainbat konpositoreen musikaz osatutako kontzertua emango dugu, jarraian Master bukaerako lehengo kontzertua eta hilabetea bukatzeko, Cristina eta biok Genevako Mahler ahots eta pianorako lehiaketan parte hartuko dugu.